Badatoz jan-edan ugariak, urte osoko notizien laburpenak eta urte berrirako proposamenak. Badatoz familia enkontruak eta desenkontruak, eta nola ez, badatoz Eguberrietako erosketak.
Sarri kritikatu izan ohi dugu Eguberriak kontsumoaren morroi direla, baina halere ezin opariak erosi gabe geratu. Baina erostetik erostera bada alderik, non, nola, norentzat kontsumitzen dugun begiratzen badugu.
Modan egon beharrak bultzatzen gaitu sarri erostera, baina modak ez dituzte erabakitzen beti marka handiek, langileak esplotatzen dituzten horiek, produkzioan baliabideak xahutzen dituzten horiexek. Modan dago esaterako Do it yourself, edo boladan dago slowfood eta moda-modan dago ekologia.
Produkzio modu berriak indartzen ari dira. Lokalagoak, bertakoagoak, komunitarioagoak. Eta baita erosteko moduak ere. Zentro komertzialen urrezko aroa bukatu delakoan nago, edo hala pentsatu nahi dut behintzat.
Tolosan berriz, modan dago Artekale. Ez, Artekale ez da Goenkaleren eta Barrenkaleren arteko kalea. Artekale edo artearen kalea Tolosako Kale Nagusiari eman dioten izena da. Kale hau biziberritzeko martxan jarri duten ekimenak proiektu interesgarriak bildu ditu: eurek egindako jantziak, bitxiak, ogi biologikoa, tailerrak... XXI. mendeko artisauak dira. Zorionak zuei, eta zorte on!
Eta guk, kontsumitzaileok, kontsumi dezagun zentzuz.