Horror vacui

Hutsaren beldur gara. Izua diogu orri zuriari, elkarrizketetako isilune deserosoei edota denbora libre hutsari. Eta artista barrokoen gisan hutsune hori nola edo hala betetzen saiatzen gara, hitz hutsalez, edo denbora-pasa absurdoez.

Bizitzako ziklo bat bukatu eta beste bat hastean izaten da nolabaiteko hutsarte bat. Ikasketak amaitzean, lanik gabe geratzean, bikotekidearekin etetean... Denbora zerbaitetan buru-belarri eman ostean bat-batean egitekorik gabe geratzen gara, «eta orain zer?» pentsatuz, etorkizunari begira. Hutsune bat nabari da barnean, ezinegon bat. Beldur diogu hutsune honi, baina akaso beldur handiagoa diogu gure erabakiek etorkizunean izango duten ondorioei.
Denok aurkitu dugu noizbait geure burua egoera honetan, mila bideko bidegurutzean, bide bakoitzak nora eramango gaituen ez dakigula. Baina aukeratu beharra dago, ausartak izan batzuetan eta amildegiaren ertzera iristen garenean salto egiten jakin, Ikaroren hegalek airean helduko gaituzten ala zulora jausiko garen jakin gabe.
Ez da erraza geure neurri eta gustuko etorkizuna eraikitzea. Ez da erraza sarritan konfort egoera hautsi eta gustatuko litzaigukeen bidea egitea. Baina ez dadila saiatu gabe geratu.
Lagun batek aipatu dit bere azken bizi zikloak bost urtekoak izan direla. Bost urtean behin bikotekidea, lana eta bizitokia aldatu dituela, eta edonori gauza bera egitea gomendatzen diola. Brometan noski, baina ez da hain ideia zoroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!