Euskararen postureoa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Izagirre 2013ko urriaren 11

Tolosaldeako euskal komunikabideen ataria fatxada berrituaz datorren honetan, Kilometroen ajea oraindik gorputzean, bada aitzakia nahikoa euskararen gainean hitz batzuk idazteko.

Sare sozialetan bolo-bolo dabilen hitza da #postureoa. Ezagutzen ez duenarentzat itxurakerietan ibiltzea da, zerbaiten plantak egitea. Esaterako, ikastolen aldeko jaietan edo Korrikan euskararen alde gaudela lau haizetara zabaldu eta urte osoan euskara batere ez erabil-tzea.

Muturreko adibidea akaso, baina euskaldunon egunerokoan badira oraindik gure hizkuntzak bereganatu ez dituen esparruak. Euskara jatorrean agurtzen dugu, euskaraz eskatzen dugu zerbeza, baina gaztelaniaz atzetik datorren elkarrizketa guztia. Euskaraz eztabaidatzen dugu politikaz. Futbolaz berriz, gaztelania hutsean. Umorea, ia esklusiboki gaztelaniaren esparrua da. Euskaldunon artean gehien irakurtzen diren egunkariak ia osorik erdal hutsean daude. Euskaraz irakurtzea zail egiten omen zaigu. Baita ikasketak euskaraz egin ditugunoi ere. Euskal literatura eta itzulpengintza krisi eternalean bizi dira (Durangon izan ezik). Mundu guztian filmak azpitituluekin ikusten diren bitartean guk erdaraz ikusten ditugu, euskal bikoiztaileak arraro egiten zaizkigulako. Administrazioan euskaraz ez dakitenean kexatu egiten gara, erdal adjektibo ederrak erabiliz kexatu ere. Politikari euskaldunek erdaraz zabaltzen dituzte mezurik gehienak, urrunago helduko direlakoan edo.

Ingeleseko hitzak tartekatuz hitz egitea ere postureoa omen da. Euskañola ote orduan euskaldunon postureoa?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!