Pasa den udan gazteak gorrotatu genituen moduan eta ondoren txertatu gabeak, orain Putinen txanda da. Beti aurkezten du boterearen diskurtsoak gaitzen erantzule sinple eta identifikagarri bat, gainontzeko guztiak bere analisi eta interesen arabera lerratzeko helburuarekin. Diskurtso hori behin eta berriz erreproduzitzeaz arduratzen dira komunikabideak.
Hau ez da Putin eta bere politikak zuritzeko zutabe bat. Errusiar oligarkiaren ordezkaria baita, politika kontserbadore eta atzerakoien defendatzailea eta, gainera, gerra bat abiarazi du errusiar bloke inperialistaren interes geopolitikoak asetzeko helburu bakarrarekin, horrek dakarren hondamendi eta sufrimendu guztiarekin.
Putinen eta Errusiaren errealitate hori, ordea, ez litzake haratago begiratzeko traba izan behar, lubakiaren beste aldean gauzak ez baitira oso bestelakoak. Ameriketako Estatu Batuak buru duen mendebaldar blokean, gerra testuingurua, ipar amerikarren mundu mailako lidergotza berakorra eta bere politika zein instituzio kriminalak indartzeko eta legitimatzeko aprobetxatzen ari dira. Esan nahi dut, Errusiaren inbasioari erantzun modura AEBk oldarraldi ekonomiko, politiko eta kultural bat abiarazi du NATO eta Europar Batasuna bezalako instituzioak biziberritzeko.
Testuinguru horretan, mendebaldar bloke geopolitikoak hegemonizatu du gerraren aurkako aldarria eta ukrainarekiko elkartasun mezua. Bera bihurtu da elkartasun mezuaren ordezkaria eta erresistentziaren babesle nagusia. Horrek esan nahi du, gerra sufritzen ari diren ukrainarrekiko elkartasun mezu orokorra, «gerrarik ez» aldarria kasu, eta Errusiar inbasioaren gaitzespena ez direla nahikoak gerra berri horren aurka egiteko eta berriak ekiditeko. Izan ere, nire ustez, egoeraren gaineko ikuspuntu partzial batean oinarritzen da erantzukizun guztia Putini aitortzen dion gerraren aurkako posizio hori eta gerra berriak ekidin baino, gerra-testuinguruaren areagotzea errazten duelakoan nago.
«Errusiaren inbasioari erantzun modura AEBk oldarraldi ekonomiko, politiko eta kultural bat abiarazi du NATO eta Europar Batasuna bezalako instituzioak indarberritzeko»
Modu zuzenagoan esango dut, aipatu elkartasun mezu hori ez bada NATOren azken hamarkadetako politika gerrazale eta zapaltzailearen salaketari lotuta egiten, Ukrainako gerraren testuinguru-analisi desitxuratu bat egitera eta NATOk gerra berri horretan dituen erantzukizunak (edo azken hamarkadetan egin dituen basakeriak) zuritzera arriskatuko ginateke.
Gainera, elkartasuna ez bada ukrainiatik haratago gerra eta bere askotariko ondorioak sufritzen ari diren munduko herritar xume guztietara bideratzen (izan Donbassen, Errusian, Europan edo Yemenen), ohartu gabe Ukrainako gobernu autoritarioa, Zelenski presidentea edo bertako hainbat talde faxisten erresistentzia babesten amaitu genezake. Hauek baitira, mendebaldar bloke geopolitikoarentzat Ukraina deitzen dugun horren eta bere interesen ordezkariak.
Azkenik, gure elkartasun mezuek eta keinuek AEB eta EB, zigor ekonomikoen bitartez eta armak bidaltzearen ondorioz, hauspotzen ari diren mundu mailako eskalada gerrazalearen salaketarekin ere bat egin behar dutelakoan nago. Politika eredu horrek eta hartutako neurriek Errusiako eta Europako langileriaren pobretze-prozesua areagotu lezaketelako, gerra hotsak are gehiago zabaltzearekin batera.