Gazte kriminalak

Azken hilabeteotan prentsari adi egon denak eta alderdi politikoen matraka jarraitzeko adorea izan duenak pentsa lezake COVID gaitza gazteriak sortua dela, edo behintzat bera dela bizi dugun egoera kaskarraren erantzulea. Botiloia eta parranda dira, antza, arazoaren erroa. Gure borondate guztiarekin gaitzetsi eta poliziak gazteria egurtzea begi onez ikusi behar omen dugu, etika eta ongizate kolektiboaren aurkako jarduerak baitira, indibidualismotik eginak.

Benetako erantzuleak baina, birusaren zabalpenari eta horren mota askotako ondorioei aurre egiteko boterea eta baliabide guztiak izan eta interes partikular, elektoralista edo ekonomikoen arabera jardun dutenak dira eta ez kudeaketa interesatu hori dela eta, aisialdiaz, hala moduz eta zertxobait gehiago, gozatu nahi dutenak. Horra hor benetako indibidualismoa.

Alderdi politikoentzat ordea, errentagarriena eta errazena fokua gazterian jartzea izan da. Alderdiekiko eta estatuaren errepresentazio sistemarekiko atxikimendu gutxienetakoa duen sektorea eta abstentzio maila altuenetakoa duen sektorea da gazteena. Horren jakitun izanda, beste alde batera begira jarri dira alderdiak: gazteriaren kriminalizatzeari ekin diote, bidelagun leialak dituzten komunikabideen laguntza ideologikoari esker, eta helduagoen «erantzukizunaren botoak» euren artean lehiatu nahi izan dituzte, azken urte eta erdian beldur irrazional eta neurrigabea sustatzeari esker, gazteriaren kontura. Tartean, EAJ eta EH Bildu.

Alderdi politikoentzat ordea, errentagarriena eta errazena fokua gazterian jartzea da


Ez ote zaie baina kalkulua oker aterako? Etorkizun ezegonkor eta ziurgabeak zein miseriaren mamuak mehatxatzen dituen gazteriaren egunerokoari gero eta debeku, zailtasun eta askatasun murrizte gehiago ezartzeak, eta gainera kriminalizazio etengabe bat sustatzeak zein ondorio izan ditzakeen ikusteko dago. Epe motzeko zenbait erreakzio ezagunak ditugu eta gazteen gaixotasun psikologiko eta suizidio tasen gorakada ikaragarriak, agian, guzti horrekin zerikusirik izango du, baina epe ertain-luzerako ondorioak oraindik ez ditugu ezagutzen.

Agian, langile klaseko gazteen aurkako gurutzada berri hau sustatzen ari diren horiek etorkizuneko gizarte otzana eta esanekoa sortzea esperoko dute debeku, interbentzio ideologiko eta poliziaren pilotakaden areagotze horren bitartez. Badaezpada, etorkizuna miseriazkoa bada, protestarako ideia eta gaitasunik ez duen gazteria eraiki nahiko dute agian. Baina kontrako efektua ere izan dezake eta mendekotasuna eta obedientzia areagotu baino, kritikotasuna zein estatua eta bere egiturekiko atxikimendu ezaren jarrera zabaltzeko baldintzak ondu ditzake.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!