Maiatzaren Lehena 2021

Maiatzaren Lehena

Isaak Brodski

Jakina den bezala, Maiatzaren Lehena langileen eguna da. Hala izendatu zuten egun hori langile sozialista eta komunistek XIX. mende amaieran, Chicago hirian 1886 urteko maiatzaren 1ean hasitako greban eta ondorengo egunetara luzatu zen erreboltan parte hartzea egotzita erail zituzten bost langile anarkisten omenez. Jai egun nazionala da egun, herrialde askotan.

Jai da baina ez da ohiko jai egun bat. Langile mugimenduaren eta mugimendu komunistaren borrokari esker lortutako jai eguna delako batetik, beste hainbat hobekuntza bezala, baina, eta batez ere, langile klasearen borrokarako grina eta borondate iraultzailea lehen lerrora eramateko eguna izan baita historikoki.

Jai eguna ordez, bada protestarako aukera modura ulertzen duenik. Hala ere, zenbait eragilek, sindikatuek nagusiki, lantegietako onura zehatzak eskatzeko baliatzen dute nagusiki, horrela, besteak beste, langile klasearen eguna soldatapeko langileetara murrizten dute. Alegia, adibidez, hango edo hemengo kaleratzeen aurka edo lan-hitzarmena berritzearen aldeko aldarrietan zentratzen dira. Lantegietan. 'Lan mundutik' harago begiratzean, gainera, erreforma politikoak edo kapitalismoaren 'gehiegikerien' baretzea eskatzeko egin ohi dute.

Horrek ez dio ordea lehenago aipatutako egunaren tradizio historikoari justizia egiten, eta are gutxiago langile klasearen egungo errealitateak eskatzen duenari. Lantokiko egoera ez ezik, askotarikoa baita langileriaren egunerokoa zeharkatzen duen arazo sorta: besteak beste langabezia, etxebizitzarako sarbidea izateko ezintasuna, bizitzaren garestitzea, indarkeria matxista, kalitatezko bizitza baterako ematen ez duten pentsioak edo langile familietako seme-alabak ikasketa prozesua luzatzera behartuak izatea. Horren aurka egiteak ere langile borroka behar luke.

Kapitalismoak eta krisiak langileria xumea kondenatzen duen bizitza eredua errefusatu eta mundu- antolakuntza berri bat aldarrikatzeko eguna izango da askorentzat aurtengo Maiatzaren Lehena


Ez litzake bidezkoa baina, perspektiba zabalduta ere, Maiatzaren Lehenean arazo guzti horien aurkako aldarria erreformaren hautua eta 'kapitalismo hobearen' proiektu utopikoa indartzeko erabiltzea. Bai ordea langileriaren egoera zehatzaren kritikatik iraultzaren gaurkotasuna aldarrikatzea. Horretarako eguna da gero eta gehiagorentzat: hobekuntza hau edo hura eskatzetik haratago, kapitalismoak eta krisiak langileria xumea kondenatzen duen bizitza eredua errefusatu eta mundu-antolakuntza berri bat aldarrikatzeko eguna izango da askorentzat aurtengo Maiatzaren Lehena. Baita erreformismoaren iruzurra seinalatzeko ere.

Agian, Langileen Nazioarteko eguna ez litzateke langile klasekoa izatearen harrotasun sentimendua hauspotzeko erabili behar, klase horrek existitzeari utzi behar diola aldarrikatzeko baizik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!