Koronabirusa ez da mehatxu bakarra

Gazte Koordinadora Sozialistak Tolosan azaroaren 7an egindako manifestazioa, eskubide eta askatasunen alde. ATARIA

Azken bolada luze honetan badirudi arazo bat eta bakarra daukagula: koronabirusaren osasun mehatxua. Jakina da ez dela txantxetako arazoa, besteak beste milaka hildako eragin dituelako. Ez da ordea gure ongizatea mehatxatzen duen desgrazia bakarra.

Pandemia testuinguru jakin batean gertatu da: ekonomia kapitalista atzeraldian dago eta Europa dagoeneko ez da nazioarteko taularen erdigunea, Asiaren eta Ipar Amerikaren artean jokatzen baita partida. Munduko potentzien atzeko patioa gara.

Egoera horrek askotariko ondorioak izango ditu eta aurreikusteko zailak badira ere, datozen urteetan biztanleriaren zati handi baten pobretzea biziko dugula pentsatzeko arrazoiak ditugu, ongizate estatuaren dekadentziarekin eta bizi kalitatearen galerarekin batera. Tendentzia hori azkartu du birusak.

Osasun larrialdiari, pandemia ondorengo agertoki ahalik eta onena izateko helburuarekin aurre egin beharko genioke. Horregatik uste dut, aurkitzen garen bidegurutze historikoan gure borroka ezin dela estatu kapitalistek gastu publikoa handitzearen aldarrira mugatu. Proposamen hori epe motzera ospitaleetako kolapsoa ekiditeko baliagarria izan daiteke adibidez, baina epe ertain-luzera ez da gure eskubideen eta bizi kalitatearen bermea izango.

[...] Datozen urteetan biztanleriaren zati handi baten pobretzea biziko dugula pentsatzeko arrazoiak ditugu [...] Tendentzia hori azkartu du birusak.


Zergatik? Batik bat europar estatu kapitalistek geroz eta gobernagarritasun murritzagoa dutelako. Esan nahi dut, momentu historikoagatik mugatuta dagoen aldarria da: batetik, Europar Batasunak estatuen erabakietan aplikatzen duen aginte-gaitasunagatik, eta bestetik, egoera ekonomikoak estatuetan ezartzen dituen mugak direla-eta. Hau da, geroz eta gaitasun ekonomiko txikiagoa dute estatuek, eta gainera, non gastatu eta zenbat gastatu estatuez gaindiko instituzioetan erabakitzen da.

Nire ustez aldiz, askatasunaren, bizi kalitatearen eta eskubideen alde egiteko eman behar den pausoa hausturarena eta antolakuntzarena da. Politikari profesionalengan konfiantza jartzeaz utzi eta konfiantza hori gure indarren antolakuntzari aitortzea, alegia. Borondate etiko zintzoa eta ustelezina duen langile klasearen antolakuntza berreraikitzeaz ari naiz: izaera eta finantzazio independentearekin funtzionatzeko eta zentzu sozializatzaile eta unibertsalizatzailean lan egiteko. Estatu Sozialista ortzimuga duen antolakuntza komunista da gure ongizatearen bermea.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!