Nor gara gu?

Erabiltzailearen aurpegia Malen Oiartzabal 2019ko mai. 5a, 07:59

Erizaintza ikaslea naiz egun. Ahalik eta kalitate onenean bizitzen laguntzea da, beraz, dena ondo joanez gero, nire etorkizuneko eta zer arraio! nire ametsetako lanaren funtsa.

Gaixoaldian edo zailtasunean, osasun arnas bat ematea. Hainbat kontzeptu ikasi ditut jada, eta horietatik beste hainbat ahaztu, ez gara hemen harroputz jarriko. Baina, bat, seguru ez zaidala inoiz ahaztuko: legeak, gaur egun eta oraindik esaten ausartuko naiz, debekuan duen eutanasia hitza. Hala dio hiztegiak: «... oinazerik gabe hiltzea eragiten duen metodo-multzoa». Beraz, hona hemen, gaurko hausnarketa: merezi al dute kalitatezko bizitza batera eramango gaituzten esfortzu eta lanek, gero kalitatezko heriotza batez gozatu ezin badugu?

Aste hauetan, hedabideetan bor-bor dabil, bai, eutanasia delakoaren kontua, Madrilen, hogeita hamar urtez esklerosi anizkoitzaren kontra borrokan egon eta gero, bere senarrari bere bizitzarekin amaitzeko eskatu zion emakume baten kasuaren harira.

Nor gara gu, ala, hobeto esanda, nor da legea edo hori kudeatzen duten agintariak, inoren bizitzaren gainean erabakitzeko? Nor, jada bere buruaren kargu egin ezin duen eta bizitzen jarraitzeko ilusioa galdu duen bat, sufritzen jarraitzera behartzeko? Nor gara gu, «etikoa ez dela» dioenaren aitzakian, geurekoikerian jarraitzeko?

Fedea egon daiteke ideia askoren sustraietan, edo beldurra, akaso; ezjakintasuna askotan, edo egoera bat urrun ikustea ere bai, sarri. Geurera dezagun, apur bat, ondokoaren mina; leun dezagun sufrimendua; eta, opari deritzogun bizitza honi, eman diezaiogun norberak erabakitako zentzua, jarraipena edo amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!