28 herriei gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Malen Oiartzabal 2018ko urriaren 28a

Hogeita bat egun, hogeita bat egun behar dira edo hori diote adituek, behintzat, ohitura berri bat zeureganatzeko, zeure eguneroko bizitzan normalitate osoz ikusteko.

Bada… pasa da jada 21 egun horien muga, birritan gainera, azken aldiz tolete, estrobo, tosta edo Enbata ontzia ukitu genituela eta aitortu beharra daukat, nigan ez da sofan egoteko edota eskuak xuabe eta lirain ikusteko ohiturarik garatu. Bada marka, e!

Zerbaitetarako baliagarri izan badira berrogeita zazpi egun luze hauek, buruak ia onartu ezin zituen sentimendu, emozio eta harridura olatuak baretzeko balio izan dute. Onartzeko eta sinesteko ez dela amets bat izan, irudipena izan, errealitatea baizik.

Askok jada ulertuko zenuten nire hitzen zergatia. Bai, Tolosaldeko traineruaz mintzo naiz; baina, ez soilik, teknikaz, arraunketaz, Kontxaz edota lortutako banderaz, egun haietan sentiarazi zenigutenaz baizik. Kontxa bezperan zabaldu arazi genuen mezu batean, goxotasuna, indarra, arnasa zinetela esan genizuen, eta halaxe izan da. Goxotasuna izan zarete momentu hotzenetan, indarra ahulenetan, ilusioa eta konfiantza guk geuk ere geure buruan sinesten ez genuenean…

Esker hitzak, esker hitzak gaurkoan zuentzat, erronka berri honetako zutabe garrantzitsuenetako bat zaretelako, arranpa berezi hori urdintzeagatik, gugan sinesteagatik, bidai berri honetan bide beretik etortzeagatik, eta nola ez, itsasoa ikusten ere ez den etxeetatik, errekako arraunlari gazte eta ero hauengan sinesteagatik. Neguan lana gogor egitea eta gozatuz zuek gozaraztea soilik geratzen zaigu. Herrietatik eta nola ez, hau dena herrientzat, zuentzat!

28 herri… bada marka, e! 28 herriren bultzada, pentsa…! Mila milioi esker, Tolosaldea, ez duzue parekorik, bejondeizuela!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!