Izan zaletasunak, izan guk bizitzan lortu ez ditugun helburuak, askotan saiatzen gara haurrengan gure interesek mugitzen dituzten hainbat esparru bultzatzen. Zaletasunen kasuan, niri naturala iruditzen zait gure zaletasunak seme-alabekin konpartitzea. Bertsozale batentzat berezia izango da bertso saio batera bere seme-alabekin joatea, niretzat gustuko kontzertu batera nire semeekin joatea berezia den bezala. Oso desberdina da berriz, gure hutsune batzuk haurren bitartez betetzen saiatzen garenean, zenbatetan entzun ote ditut ondorengo esaldiaren antzekoak: «Nik ez dut inoiz ingelesa ondo ikasi eta ikasi dezala haurrak, ondo etorriko zaio etorkizunean».
Gure zaletasunak gure seme-alabei transmititzen dizkiegunean, ezin dugu espero beraiek hauek bere egitea, eta hor ere hanka sartzen dugu. Izan ere, zuetako zenbatek entzuten duzue zuen gurasoek entzuten duten musika bera? Edo zuetako zenbati gustatzen zaizue kirol bera? Kasu batzuetan bat egingo duzue eta besteetan berriz ez. Izan ere, nik nire semeei transmisio bera egin diedan arren, ezin dituzte beraien artean zaletasun desberdinagoak izan. Eta azken finean horretan datza heziketak, gu bidelagunak gara, baina beraiek dira bidea egin behar dutenak, zaletasun, interes eta nortasun propioarekin. Beraiek erabaki behar dute zer duten gustuko eta zer ez.
«Eta azken finean horretan datza heziketak, gu bidelagunak gara, baina beraiek dira bidea egin behar dutenak, zaletasun, interes eta nortasun propioarekin»
Ireki dudan bideari jarraituz, euskararekin ere, bideratzen saiatu izan gara askotan transmisioa alde batetara utziz. Gaur egungo haur eta gazte asko eta askok, ez dute euskara beraien identitatearekin identifikatzen, eta hori egin dugun transmisioaren ondorio da. Zenbat aldiz entzun ote ditut, guraso euskaldunak parkean lagunartean gazteleraz hitz egiten eta haurrei euskaraz hitz egiteko eskatzen. Zenbat aldiz entzun ote dut irakasle bat haurrei «euskaraz hitz egin» esaten. Zer egin behar duten baino, euskarak guretzat zer esan nahi duen erakutsi behar diegu. Euskara bere sentitu behar dute eta euskara erabiltzeko hautua beraiek egin behar dute, zaletasunekin egin behar duten bide bera egin behar dute hizkuntzarekin.
Ni ere saiatu naiz lerro hauen eta aurrekoen bitartez nire bizipen eta usteak transmititzen, eta ez bideratzen. Hemendik aurrerakoak beste batzuen esku utziko ditut. Hona nire azken aholkua: «Zaindu maite duzun hori».