Nork esan zuen guraso izatea erraza zela?

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio 2021ko urr. 22a, 20:58

Goizeko 06:30ean jo du etxean iratzargailuak. Nekez jaiki naiz, izan ere ez nintzen goiz jaikitzeko programatua jaio. Esnatzeko goizeroko dutxa azkarra hartu eta banoa eguneroko martxari ekitera.

07:00tan seme zaharrena esnatzeko lehen saiakera, gosaria berotzen jarri eta bigarren saiakera egitera noa, «jaikitzeko ordua da, mugi», esaten diot, ezer ere ez. Tarte bat utzi eta banoa berriz, baina badator lo aurpegiarekin gosaltzera. Elkarrekin gosaltzen dugu, hitz egiteko gogo gutxi izaten dugu goizetan biok baina saiakera txiki bat egin eta bakoitza bere zereginetara. Ikastolara joateko ordua iritsi zaio, ondo pasatzeko esanaz agurtu eta banoa, orain etxeko txikia esnatu behar dut eta honi gehiago kostatzen zaio. «Egun on! Jaikitzeko ordua», esaten diot. Berriz ere bizpahiru bisita egin behar izaten dizkiot jaikitzeko. Baina goiz jaiki arren, gosaltzera eseri baino lehen mila istorio, janzteko beste mila, honela, amaren pazientzia goizean goizetik proban jartzen. «Mugi-mugi, lagunak joango zaizkizu eta!!». Goizero tentsio batean, haurra garaiz bidaltzeko saiakerak egin eta lanera joateko nire gauzak prestatzen ditudan bitartean. Azkenean 08:35ak iritsi dira, bi semeak ikastolako bidea hartuta eta lanera joateko txanda. 06:30ean jaiki naiz baina 09:30ak baino lehen ez naiz lanera iritsiko, ez dakit nola egingo dudan nire lanak amaitu eta arratsaldean haurrengana garaiz iristeko. Eguerdian seme gazteena amonek hartuko dute txandaka, eskerrak laguntza dugun! Zaharrena berriz bakarrik bazkalduko du. Telefonoz deitzen dit lanera eta arratsaldean dituen kontuen errepasoa egiten dugu. Lanetik korrika atera eta banoa ikastolara, 17:00ak iritsi dira eta zirkurako bidea hartu dugu, Adunan egon behar dugu 17:30erako. Bidean eguneko gora-beherak kontatzen dizkiogu elkarri eta 19:00etarako han izango naizela esanaz agurtzen dut. Ordu eta erdi dut, enkarguak egiteko aprobetxatzen dut tarte hori eta 19:00etarako han naiz, haurraren zain. Etxera goaz, eta aparkatzeko leku bila ordu erdi pasa ondoren etxean elkartzen gara guztiak. Dutxak, etxeko lanak, afaria eta biharko bazkaria, guztia dugu egiteko. 20:30ean eseri gara afaltzera. Elkarrekin afaldu ondoren tarte bat lasai eta lotara. 22:00etan lo daude, isiltasuna dago etxean, ni leher eginda nago eta hurrengo egunean berriz erritmo berdinean ekin beharko diot egunari.

Urteetan familia kontziliazioagatik murrizketak eskatu izan ditugu bikoteak eta biok. Nola uztartu bestela hau guztia?

Urteetan familia kontziliazioagatik murrizketak eskatu izan ditugu bikoteak eta biok. Nola uztartu bestela hau guztia? Egun bat gure etxean honelakoa da, baina zorionez bi gara eta bion artean egiten diogu aurre eromen guzti honi, baina guraso asko daude bakarrik edo murrizketarik ezin eskatu. Nork esan zuen guraso izatea erraza zela?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!