Bi aldiz egin duzu ospitalerako bidea eta bigarrenean bultzatzeko gogo betean iritsi zara. Galdetu dizute ea zergatik joan zaren hara, dagokizun ospitalea beste bat bada. Gure eskualdean dagokigun ospitalerik ez dugu... baina isilik geratu zara. Nekatuta zaude.
Dena ongi omen dago eta erditze-gelara pasatu zaituzte. Monitorera motzean lotu eta kateterra sartu dizute, badaezpada. Azalpenik ez. Bultzaka ari zara, bultz eta putz arnas estuan, geratzen zaizun apur horretatik duzun guztia ematen. Ginekologoari deituko diote, badaezpada. Azalpenik ez. Etorri da eta zuk jarraitzen duzu bultzaka. Bultza, bultza, bultza. «Te he dicho que empujes, cojones». Ez da nahikoa, gehiago, askoz gehiago eskatzen dizu. Dena ondo zen, guztia okertzen hasi den arte. Azalpenik ez. Bultzatzeko dio, ongi bultzatzeko, eta zuk bultza eta garrasi, garrasi eta bultza. Eta haiek oihu egiten diete zure garrasiei. Zaude isilik.
Guraizeak hartu ditu, egin dizu ebakia; haragi bizian etena, zauri fisikoa eta emozionala. Bi eskuak barruraino sartu dizkizu eta tresnak ere, eskura zituen guztiak, barrura. Erraietatik egin duzu garrasi.
«Guztia bukatu dela uste izan duzunean haren ondokoa hurbildu eta belarrira hitz egin dizu: 'Haurra sufritzen ari zen eta zuk ez zenuen bultzatu nahi. Ez kexatu, egon isilik, erditze latzagoak badira'»
Guztia bukatu dela uste izan duzunean haren ondokoa hurbildu eta belarrira hitz egin dizu: «Haurra sufritzen ari zen eta zuk ez zenuen bultzatu nahi. Ez kexatu, egon isilik, erditze latzagoak badira».
Zure minak zeharkatu nau, gaitu, emakume batek erditzen duenero guztiok erditzen dugulako. Erditze bakoitza bakarra da, baina denak beharko lirateke hasi eta buka berdin: begirunez, errespetuz, jaiotzetik bertatik izan daitezen bizitzak duinak.
Biolentzia obstetrikoa ez da halabeharrez gertatzen, berariaz egin egiten digute. Egunero eta nonahi, erditze-geletan eta haietatik kanpo emakumeokiko, gure gorputzekiko, bortxaz beti. Dominazio mekanismoa da, egiturazkoa.
Eta ez, erditze-gelak ez dira futbol zelaiak. Ezkutatzen dena ikusarazi eta indarkeria obstetrikoarekin bukatzeko are ozenago egin beharko dugu oihu, entzun gaitzaten, me too, niri ere egin didate, zuri ere egin dizute. Gure gorputzak eta erditzeak geureak dira, ez geratu isilik, egin garrasi.