Duintasunaren prezioa

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2017ko eka. 18a, 09:56

Eskenatokietara bueltan da Maider Zabalegi musikaria, oraingoan, bakarlari moduan. Institutuko lehen urtean edo izango ginen, 1997an, Alaitz eta Maiderren lehen diskoa eskuetara iritsi zitzaigunean. Zabalegiren itzulerak aspaldiko garaiak ekarri dizkit gogora, eta orduan punta-puntako teknologia zen minidisc walkman hura ere bai. Diskoa hondatu zen arte, Txanpon baten truke jira eta bira ibili genuen aparatu moderno hartan.

Minidiscaren garaiak joan ziren, baina oraindik bada kale kantoian topatzen dugun gizon eta emakumerik, txanpon bat noiz eroriko zain, esperoan. Ipuin harrigarriak baino, historia eta bizipen pertsonal ikaragarriak dituzte kontatzeko. Haienak ez dira urrutiko lurraldeetan gertatutako istorioak, gure herrietan, bertako auzoetan ematen direnak baizik. Egunerokoan ikusten ditugunak, nahiz ikusezin bilakatu nahi dituzten.

Pobrezian eta, txarrenean, bazterketa sozialean erori diren guztiak beren egoeratik ateratzeko txanponak behar dira, eta benetan helburu horretara bideratutako politika sozialak. Dirua egon, badago. Zenbat, non eta norentzat dagoen da kontua. Duintasunez bizitzeko uste genuena baino gutxiago behar dela ere entzun dugu, gainera. Beatriz Artolazabal, enplegu sailburuak, jarri dio prezioa: 600 euro hilean, bizimodu duin baterako. Gauzak horrela, batek daki, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE-RGI) kobratzen dutenek, hipoteka gastuak eta argindarra ordaintzeaz gain, hilero-hilero zertxobait aurrezteko aukera ere igual izango dute, ezohiko gastuetarako, opor egun batzuetara edo tartean behin zinemara joateko.

Artolazabalek berak urtean 87.800 euroko soldata omen du, hilean 7.300 eurotik gora. Kontseilari izan baino lehen Osakidetzan zuzendari ekonomiko-finantzieroa izan zen eta orduan ere soldatak kezka gehiegirik gabe bizitzeko ematen zion, 73.760 eurotik gora irabazten zituen eta urtean. Duintasunez bizitzeko behar diren 600 euroak kenduta, pentsatzekoa da gainerako 6.500 euroak gizarte justu eta solidarioago bat lortzeko bidean martxan diren hamaika proiektu eta elkartasun ekimenetara bideratuko dituela, ziur baietz.

Erreforma «errealista eta eraginkorra» sustatu nahi du Artolazabalek DSBE edo RGIaren gainean. Bere diru-sarrerak bezalakoxea. Helburu horrekin murrizketak iragarri ditu, eta muga berriak ezarri, zailtasun gero eta handiagoak, prestazio honen beharrean diren herritarrei. RGIaren hartzaileen zintzotasunaz ez dira fio Artolazabal eta bere Gobernua, eta horregatik hatz-marka digitala ere jarri dute martxan, iruzurraren kontra, diote haiek, baina premiarik handiena dutenak kriminalizatzeko, diogu guk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!