Hemen gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2017ko api. 7a, 09:45

Euskararen alde! Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa Korrika! Pasatu da, baina badator berriro Tolosaldera Korrika. Agurtu genuen asteartean eta agurtuko gaitu bueltan, larunbat honetan. Goizaldeko ordu txikitan, furgoneteroen argiekin esnatuko zaigu edo, hobeto esanda, esnatuko dugu eguna. Gurea delako Korrika, batzuena, besteena, denena, Euskal Herrian gaur-gaurkoz martxan ditugun ekimenen artean bateratzaileenetarikoa.

Jendea euskarara ekartzeko baino, euskara jendearengana hurbiltzeko asmoekin 1980an lehen Korrika hura sortu zutenek pentsatuko ote zuten honen bide luzea egingo zuenik. Hemen gaude, 20 edizio geroago, milaka euskaltzale, euskararen normalizazio prozesuari martxa sartu nahian. Zenbat pauso eta sentimendu ez ote digu utzi, zenbat jende zoro zoragarri, Euskal Herriko bideetan, euskararen pausora lasterka. Bere sinpletasunean, bete-betean emozioetara jotzen du Korrikak. Eguneroko kontraesanen gainean astintzen gaitu eta, aldi berean, aurrera begira jartzen. Bada oxigeno kolpe bat, bidera ateratzen garen guztiok arnasberritzeko modukoa. Eta hemen gaude, hiru hamarkada geroago, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuari bultzaka, bide horretan zenbat Korrika gehiago beharko ditugun jakin gabe, baina euskararen ezagutza, alfabetatze eta erabilerari, norberak beretik ahal duen moduan, hauspoa eman nahian.

Herritar gisa asko dugu esateko eta gehiago egiteko. Zer esanik ez, erakunde ezberdinek eta, bereziki, administrazio eta zerbitzu publikoek. Funtzio bikoitza da, gainera, etxe barruko bizitza ez ezik eragin guneak ere euskalduntzearena.

Ez naiz aspertuko esaten, lan munduan, langileok, euskararen normalizazioan ere subjektu garela, eskubidedun subjektu. Izan ere, administrazio publikoak askotan joko bikoitza darabil, euskalduntze prozesuetan neurri ausartagoak ez hartzeko erantzukizuna langileen bizkar jarriz. Guztion eskubideak bermatuko dituen administrazio eta sektore publikoaren alde egin behar dugu, konforme, baina guztiak horretan sartzen dira langileok euskaraz lan egin eta bizitzeko ditugun eskubideak ere.

Mediku espezialista euskaldun batez galdegin nuen azken aldian, Osakidetzako zuzendaritzak erantzun zidan horretan zebiltzala, lanean, Tolosaldea eskualde euskalduna izanik, hala nahi genuenok espezialista euskalduna izan genezan. Eskubide haren aitortzak ez zuen datarik, ordea, dauden eskaerei erantzun bai, baina beti ere «oreka» bilatu behar omen delako, langilearen eta erabiltzailearen eskubideen artean.

Lan mundua euskalduntzeko prozesua ezin du izan bigarren mailakoa eta borondatezkoa. Agenda politikoaren erdigunean egon behar du. Eta ezinezkoa izango da lan mundua euskalduntzea langilerik gabe diseinatutako planekin. Euskalduntze prozesu arautu, planifikatu, ordenatu eta progresiboa izan behar da eta prozesu horretan langileok subjektu eta eragile izan behar dugu.

Bai, langileok ere hemen gaude, euskararen alde. Eta horren adibide, Urola Kostako 15 enpresetan LAB eta ELA sindikatuok, Kontseiluarekin elkarlanean, lan mundua euskalduntzeko abiatzera goazen egitasmo pilotua. Langileon protagonismotik. Hizkuntza eskubidea ere lan eskubide delako. Ea laster, Tolosaldean ere, halakorik iragartzeko moduan garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!