Azken geltokira iritsi aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2017ko urt. 29a, 09:59

Tarteka ibiltzen gara argi luzeei emanda, urrunera begira. Tentaldi horietako batean, beharbada, noizbait emango zizun zure erretiroa nolakoa izango ote den pentsatzetik. Astean pare bat aldiz Uzturrera bueltan imajinatu izan dut nik neurea. Musika eskolan izena eman eta biolina ikasten. Pentsatzen dut orduan ere izango dela kausa ugari, zertan inplikatu, aukeran.

Gorputzak laguntzen didan bitartean, urtean behin gutxienez, motxila hartu eta trenez bidaiatzea gustatuko litzaidake, Benidorm ez den munduko beste edozein txokotara. Asteburuetan arratsalde bat gordeko nieke bilobei, zinemara, kontzertuetara edo antzerkia ikustera joateko.

Erretiroa denbora da, hori guztia eta gehiago egiteko. Baliabiderik izango dugun, hori beste kontu bat. Gaurko Gobernuak pentsioen arloan ezartzen ari diren politika antzuekin sistema publikoa likidatzen ari dira. Adinekoen kopurua gero eta handiagoa da, bai, eta bizi itxaropena ere luzatzen ari da. Baina errekurtsoak egon, badaude, kontua da beste helburu batzuetarako baliatzen dituztela.

Urteak eman ditugu entzuten Espainiatik bereizteak hondamendia ekarriko lukeela, gure pentsioak arriskuan jarriko liratekeela, baina horretara iritsi beharrik gabe, Espainiako Gobernuak berak jarri du pentsioen sistema kinka larrian.

Etxera etorrita, gurean sustatzen ari diren alternatibak ere ez zaizkit hobeak iruditzen. Sistema pribatu osagarriak garatzeko interes handiegia ikusten da, telebista piztu besterik ez dago merkatua nola dagoen ikusteko. Euskal Autonomia Erkidegoan, miseriazko pentsioak tarteko, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu behar duten pentsiodunen hamarretik ia zazpi (%67,88) emakumezkoak dira, tartean, urte luzez familien zaintza lanetan ibili arren, kotizatu ez eta pentsiorik izateko aukerarik ez dutenak.

Gure bizitzaren azken geltokira iristean izango dugun bizi kalitateaz eta jasoko ditugun zerbitzuez ari gara hizketan, eta asko dira horretan eragin dezaketen faktoreak: independentzia pertsonala, diru-sarrera nahikoa izatea, gure egoera fisikoarekin bat datorren etxebizitza, elikadura egokia, atsedenerako eskubidea… Gure bizi kalitaterako guztiz erabakigarria den kontu bat ezin da gaiari heltzeko asmorik ez duten instituzioen esku utzi. Garaia da benetako eztabaida sozial bat abiatzeko etorkizuneko euskal pentsio sistemaren ereduaz.

Oinarrizko zimendu batzuk jarri eta sistema propio baten bideragarritasunaz eztabaidatzen hasi beharko genuke: 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik abiatuta, justizia sozialean oinarritutako eredu bat, zerga sistema progresibo batek lagunduta, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezaten.

Lan egin, kotizatu eta bizi garen lekuan gure pentsioen inguruko erabakiak hartzeko eskubidea dugu. Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa sortzea da bidea, bizitzaren azken txanpan bizimodu duina izan dezagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!