Berandu baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko eka. 19a, 12:00

Badoa denbora, ziztu bizian. Nahiz sarri iruditu ez duela gugan aldaketarik eragiten –hemengo argazkiari erreparatuta, ATARIA-ko kolaboratzaileontzat pertzepzio are nabarmenagoa izan daitekeena– konturatzerako aurrera doa, eta gu ere bai, bere martxan. Urtarrilean mardula zen egutegia erdira etorri zaigu dagoeneko. Aurrera goaz, batzuetan kontrakoa pentsatzeko motiboak gehiago badira ere.

Hala da, batzuek atzera egin dute. Kolpetik mende bat atzera, Arcelor Sestaoko lantegian. 350 langiletik erdiak bidean geratuko dira, kale gorrian. Lanpostuari eutsiko diote beste erdiek, baina lan eskubideetan aurreko mendera itzuliz, besteak beste, 12 orduko lanaldiak izango dituztelako.

Sestaotik gertu dugu Cantabria, eta segidan, dezente harantzago, Asturias. Bizkaiko langileek badituzte lankideak Zumarragan, Asturiasera begira. Deserriratu egin nahi dituzte. Haiei ere, kale ala bale, ez diete beste aukerarik eman eta ez dira konforme. Gertuago, Zumarragatik Olaberrira begiratuta, multinazional bereko langileak borrokan dira, ostu nahi dizkieten eskubideen defentsan. Borrokan diren bezala, hemen bertan, Adunan, Unipapeleko langileak, lantegia ixtearen kontra.

Hauteskunde kanpaina betean, gau eta egun, behin eta berriz, promesak entzuten ari gara, enplegu sortuko dela, pentsioak igoko direla, industria plan sendo bat izango dugula, ikerketan eta berrikuntzan inbertituko dutela... promesak, azken urteetan langabezia neurririk gabe handitu, eskubide guztiak ukatu eta inolako alternatibarik eskaini ez diguten berberen ahotan. Sinetsita daude, nonbait, denbora alde dutela, baita gure memoriak lausotzeko ere.

Demokraziaren izenean euskal langileoi iruzur egin nahi diguten politikari guztiak zaku berean sartzerik bagenu, honezkero osatua genuke zerrenda bat, Sestaoko ACBk izango duen lan poltsa baino luzeagoa.

Zerrendak aipatuta, ekainaren 26ko hauteskundeei begira, nahi gabe osatu dut zerrenda beltza, egun horretan mahaietan egoteko betekizuna langabetuentzat beharko lukeela pentsatu edota esan duten guztiekin. Langabezian direnek iganderik merezi ez balute bezala. Kapitalismoak esaten digu jada ez dagoela klase sozialik, kontsumo mailak, baizik. Eta hori barneratzen ari gara. Kapitalismoaren kulturaren barruan, ahalik eta denborarik laburrenean etekinik handiena ateratzeko merkantzia gara, eta merkantzia izateari uzten diogunean, orduan, karitate bihurtzen gara. Baina langabetuek ez dute limosnarik behar, lana (enplegua) eta babes soziala behar dute. Denboraren joanarekin, baina, totalitarismoaren aurrean langileon erantzuna aldatu egin da. Orain, kapitala ez ezik gu geu ere bagara elkarri duintasuna ukatzen diogunak.

Badugu bai zer hobetu, zer landu, zer irauli. Horregatik, egun batzuk barru, suaren bueltan batuta, jorrai-dantza egingo dugu herrian, helburu ugari ditugulako jorratzeko, denborak ez ezik guk ere aurrera egin dezagun, beranduegi izan aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!