EskuBIDEAK aktiBATUZ, erresistentziatik alternatibara

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko api. 30a, 10:00

Emakume erresistente eta errepresaliatuek jaso dute aurten omenaldia Elgetan, Intxortako egunean. Kolpe militar faxistaren aurka borrokan aritutakoak gogoan izan dituzte, eta haiekin batera, ondorengo diktadura militarraren aurkako erresistentzian parte hartzeagatik errepresaliatutako emakumeek ere bai.

Milizianak, laguntza zerbitzuetan aritu zirenak, erizainak, lubakiak eraikitzen ibilitakoak, erreportariak, bonbardaketetan hildakoak, fusilatuak, zaurituak, bortxatuak izan zirenak, kaskamotz utzi zituztenak, deportatuak, erbesteratuak... haietako asko dagoeneko ez daude gure artean, baina beste zenbait bizirik dira. Pilar, Teresa, Amaia eta Trini ugari ditugu, oraindik, egia, justizia eta erreparazio zain.

Elgetako ekitaldian gonbidatuen artean izan dira Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan lanean aritutako hainbat emakume, zapalkuntzaren aurrean erresistentzia erakutsi zutenak, haiek ere. 1967. urtea zen, «beso erorien greba» egiten hasi zirenean. Enpresak lan erritmoan kontrol gehiago jartzea erabaki zuen eta neurri hark soldata jaitsiera garrantzitsua zekarren paperaren manipulazio sailean ziharduten 32 emakumeentzat. Hiru egun besterik ez zituen behar izan Guardia Zibilak gatazkan esku hartzeko. Ez ziren hargatik grebalariak kikildu eta hilabete baino gehiago luzatu zuten protestaldia.

Esan behar da ez zela erabateko greba izan, Zikuñagako gizonezkoek ez baitzuten bat egin emakumeen borrokarekin. Lanean jarraitu zuten, harik eta protestaren ondorioz produkzio katea eten zen arte.

Gizonezkoen elkartasunik izan ez arren, emakume haiek ez ziren bakarrik sentitu, elkarren babesa zuten. Denak trintxera berean zeuden. Silvia Federici feminista italiarrak orain gutxi elkarrizketa batean gogoratzen zigun, ezinezkoa dela zapalkuntzari aurre egitea, ez bagaude ziur ondoan norbait izango dugula. Zenbait komunitatetan, zapatista esaterako, elkarrekin ematen duten denbora komunitatearen beraren ezaugarri oso garrantzitsua bihurtzen da.

Denbora lapurtu egin digu kapitalismoak. Elkarrekin hitz egin, egon eta antolatzeko aukerarik gabe utzi gaitu. Eta ez da halabeharrez gertatu den zerbait. Botereak aski ongi jakin izan du kontrola garai bakoitzera egokitzen.

Federiciren gogoetari erantzuten dio LABetik aurtengo Maiatzaren Lehenerako egiten dugun deiak. Prekarietateari aurre egiteko langileok elkar hartzeko deia da gurea. Erasoen aurrean planto egin eta alternatiben defentsan gure asmoak eta indarrak batzeko deia.

Aurten ez diogu inori ezer eskatuko. Prekarietatearekin amaitzeko borondaterik ez duena behartu egin beharko dugu, eta horretarako arrazoi izatea ez da nahikoa, indarra behar dugu. Indarra izateko denbora hartu, eta denborarekin, indar egin.

Igandez bada ere edo igandea delako, har dezagun astia eskuBIDEAK aktiBATUZ, alternatiben defentsan elkarrekin kalera ateratzeko. Bertan ikusiko dugu elkar!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!