Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

1200 euro eta 35 ordu emakumeontzat

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko mar. 6a, 10:30

Otsailari kendutakoak martxoari emanda ere, egunak alegia, egutegia estutzen ari zaigu. Martxoaren 3an Gasteizko sarraskiaren 40. urteurrena bete da. Martxoak 19, lantokietan aldaketa aldarrikatzeko kalera ateratzeko deia Nafarroan. Eta tartean, martxoaren 8a daukagu.

Aurtengo hitzorduari begirako kartela prestatzen ari ginela eztabaida piztu da, Emakumeen Egunean, langile bai ala ez? Kasu honetan figura erretorikoa izanik erortzen utzi ala bere tokian tente mantendu?

Emakume eta langile jaio gara. Eta definizio horretan sarbidea izan beharko genuke emakume guztiok, izan baldintza batzuk ala besteak. Emakumeoi egozten zaizkigun ardurak eta lanak asko eta askotarikoak dira. Lanak ematen dizkigute geure bizi-proiektu pertsonalak duintasunez garatzeko, eta bide horretan aurrera egin ahala, motxila ere lanez betetzen doakigu, etxeko lanak, zaintza lanak, militantzia lanak, lanak, lanak eta lanak, amaitzen ez diren lanak.

LABen etorkizunari begira jarri gara, eta gure herriak, euskal langileok behar dugun sindikalgintza eredu berriari buruz abiatu dugun gogoeta prozesuaren barruan, subjektuaren birdefinizioaz sakon aritzeko asmoa dugu. Izan ere, sindikalgintzak badu gaur premiazko erronka bat, sortzen arin diren subjektibitate eta kolektibitate berriei erantzutekoa. Eta hor, emakumeon parte hartzea ziurtatzea izango da berme bakarra gure behar eta interesei erantzuteko.

Langile izan bakarrik ez, langile garela aldarrikatu egin behar dugu. Emakumeok, gehiago. Martxoaren 8 honetan hamaika arrazoi ditugu emakumeok berriz ere kalera atera eta gure ahotsa goratzeko. Gure eguna da, emakume langileona, izan lan ordaindua edota egin ordainik gabeko lana.

Oraindik ere gure bizitzaren esparru ezberdinetan diskriminazio ugari sufritzen dugu, eta horren aurrean, aukera berdintasunean aurrera egitea da bidea. Zaintza eta etxeko lanak arrosak zaizkigu oraindik. Lan merkatuan, berriz, bigarren mailakoak gara. Baina guk oso argi dugu, lehen mailan jokatu nahi dugu partida ala ez da partidarik izango. Eskubideak ditugu, subjektu gara. Eta, lanean zein kalean, errespetuzko harreman justuetan oinarritutako aldaketa baten aldeko borrokan jarraitzen dugu.

Emakumeok beti egon gara krisian, baina egia da, azken urteetako diktadura ekonomikoak oraindik eta gehiago estutu gaitu. Prekarietatearen eta pobreziaren kontra, lanaren eta aberastasunaren banaketa justu bat lortzea da bidea. Hitz mardulak, bai, baina neurri zehatzekin lorgarriak: hasteko, emakumeontzako (ere) 1200 euroko gutxieneko soldata eta lanaldiaren inguruko eztabaida irekitzea proposatzen dugu —derrigortutako lanaldi partzialena benetako gaitza baita emakumeontzat— 35 orduko lan astearen erreferentzia erdigunean kokatuz.

Egin daiteke, lor dezakegu, horretarako lanean jarraitzen badugu. Beraz, aurtengoan ere, ozen aldarrikatuko dugu, gora emakume langileak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!