Itxiturak eta langak, eremu pribatu eta publikoaren artekoak, lausoak zaizkigu genero ikuspegiaz ari garenean. Hain zuzen ere, itxiturak agerian utzi eta langak gainditzeko mugimendu interesgarria sortu da Orendainen.
Hamabost egunean behin, herriko kultur etxeko ateak parez pare irekitzen dira emakumeontzat. Bai, emakumeentzat bakarrik. Inori idazten erakutsi aurretik, norberak irakurtzen jakitea komeni delako. Horretan ari gara orain, ulertzen, ikasten. Jatorri, adin eta pentsaera ezberdinetakoak izanagatik ere, sorginak gara guztiak eta feminismoaren bueltan gure burua boteretzeko interesak, gogoak eta beharrak batu gaitu. Gure egoera eta bizipen pertsonal (ustez) pribatuek duten dimentsio publikoaz ohartu gara, eta espazioa eta denbora konpartitzeari ekin diogu.
Lan saioak kalitatezkoak izan daitezen saiatzen gara, serio hartu dugu gure jarduna, umorea lagun dugun arren, ez baita broma egiten duguna. Jabekuntza prozesu garrantzitsu bezain aberasgarria ari da izaten. Elkarri entzun eta erantzunez, irakurriz eta ikusiz, aritu gara mikromatxismoez; aztertu dugu sorginon askakuntza eta boteretze prozesuaren kontrako inkisizio sistemikoaren jatorria; nozitu ditugu androzentrismoaren ufadak; arakatu, historian garrantzitsuak baina isilduak izan diren emakumeen biografiak; hasi gara bularreko minbiziaren gaineko hitzaldia antolatzen; egin berri dugu tratu txarren inguruko saio monografiko borobila... Eta hala, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, elkar ezagutzen ari gara, gure burua biluzten eta feminismoaren inguruan janzten.
Gogoa, ausardia eta hilean 3 ordu besterik ez da eskatzen, akelarrean parte hartzeko. Animatzen denak orri zuriak eta kafesne zaporeko karameluak zain ditu. Eta lagunak, lagun asko, konplizitate berriak eraikitzeko prest.
Herri txiki, erronka handi. «Zero Zabor» filosofia sustatzen aitzindari izan eta gero, orain, «Zero Matxismo» mugimenduaren alde lanean da Orendain. Matxismoari, zaborrari bezala, izena jarri behar zaio, eta bereizten hasi, genero berdintasunaren ikuspegi jasangarri eta osasuntsu baterako bidean. Bidea guk, emakumeok, egin ezean, ez du beste inork gure ordez egingo.
Ahalegina merezi dugu. Akelarrera batu nahi duenak kultur etxera hurbildu besterik ez du. Ateak irekita izango ditu. Han egongo gara zain, sorginak, bai, baina kontuz, erratzik gabeak.