Errezeta berriak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2015ko aza. 1a, 09:00

Orain egun batzuk aldizkari honetan bertan argitaratu zen errezeta deigarria, txokolatezko gazta tartarena. Atentzioa ematen zuen izenak. Gazta tarta bazen, nolatan txokolatezkoa? Eta txokolatea izatekotan, orduan zergatik ez zen gaztadun txokolate tarta? Edonola ere, ona behar zuen egon.

Gure sukaldarien su-biziek errezetarik ezinezkoenei izena eta izana ematen diete.

Su on batekin dena egingarri da. Suaren beroak mota askotako prozesuak lagundu ditu gure herrian. Gure sindikatua bera, adibidez, duela 40 urte Miarritzeko gozotegi bateko labeen berotasunean jaio zen.

Horrela, gure herrian sukalde-lanak erabakigarriak izan dira historiako momentu askotan, adostasun handiei kirtenetik heltzerakoan. Sukaldean prestatu eta mahai bueltan elkarbanatutako akordioak eta adostasunak, sarri gazta eta txokolatea nahastearen parekoak egin zaizkigu.

Ezinezkoa dirudiena posible egitea gozoa da. Errezeta gehienak gauzagarriak dira, sukaldariaren esku zailduak dira muga bakarra sorkuntza prozesuan. Eskuak ezinbesteko lanabesak dira.

Eltze, zartagin eta koilara artean ordu asko eman behar izan ditugu. Sukalde-lan handi bati esker, oraingoan ere, adostasunak eraikitzea posible izan da. Esku askoren laguntza behar izan da hori lortzeko. Esku moreak, berdeak, gorriak, laranjak... koloretako eskuak, mundu gris honen aurrean alternatibak eraikitzeko, bere etorkizuna erabaki nahi duen herri baten oihal zuria koloreztatzeko.

Gureak ez dira esku hutsak. Proiektuz, aldarrikapenez, konpromisoz eta ilusioz beteak daude, Euskal Herritik, herrien Europa sozial bat eraikitzeko. Aniztasunaren margoekin idazten ari gara eskubide sozial eta ekonomikoen gaineko errezeta berriak. Ezinezkoa zirudiena posible egin. Hamaika kolore eta alternatibaren inguruan elkarri bostekoa eman diogu Euskal Herriko 150 eragilek eta milaka herritarrek. Elkarlanerako eremu berri bat ireki dugu. Euskal Herri osoan eskubide osoz gu guztion bizitza-burujabeak gauzatu ahal izateko errealitate berri bat posible dela ikusi eta erakutsi digu Alternatiben Herriak.

Euskal Herriko eremu ekonomiko, sozial eta kulturalean bagara makina bat eragile eta herritar egunez egun altenatibak eraikitzen, www.alternatibenherria.eus. Alternatibak, gaurko sistema aldatu eta pertsonak zein natura erdigunean jarriko dituen bestelako eredu bat sortzeko.

Hizkuntza, hezkuntza eta kultura, natura, ekonomia sozial eta eraldatzailea, herri-eskubideak eta parte-hartze demokratikoa, gorputz eta bizi eredu ez normatiboak... gai horien guztien gaineko demostrazio praktikoa egin dugu, ariketa kolektiboa, elkar ezagutu eta elkar elikatzeko, auzolanean, gizarte justu baterako bidean.

Egin daiteke. Lanerako prest ditugu eskuak. Besarkatzen duten eskuak, nekearen nekez makurturik dauden sorbaldak altxatzen dituzten eskuak; eskuak eskuaren gainean, mundu grisa argiztatzeko, mundu berri bat eraikitzeko. Egin daiteke eta hazia jarrita dago.

Euskal Herriko sukaldeetan lanean hasteko ordua da. Inoren zain egon gabe, gure eskualdean, gure herrietan, su-txikiak piztu eta alternatibaren errezetak prestatzen hasi behar dugu.

Kultura politiko, ekonomiko eta sozial berri bat egosten ari da. Gure sukaldeetako su-txikiekin etorkizuna argiztatzera goaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!