Bihar ez, gaur

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2015ko ira. 26a, 09:35

Emozioek arrazoiari gain hartzen diote haurtzaroan. Intentsitatez betetako urteak dira, dena berri eta dena handi, denboraren eta espazioaren pertzepzioa ere bestelakoa da. «Zergatik» eta «noiz» hitz fetitxeak dira haurrarentzat, eta gehienetan amaierarik gabeko erantzun sorta eskatzen dute.

Erantzun soka luzea baldin eta pazientziak eta joera pedagogiko aurreratuek elkar hartzen badute, baina soka motzekoak, korapiloa askatuko duena eskola zaharrekoa bada. «Gaur ez, bihar» edo «nik esaten dudalako» lehor batekin elkarrizketa azkar errematatzen dakienik ere geratzen da oraindik.

Eskola zaharrekoa da Madrilgo Gobernua, eta «gaur ez, bihar» batekin erantzun dio Kataluniari. «Inoiz ez» etsigarri bat, arrazoietan ezin eta emozioetan eragiteko. Ez da, ordea, nahikoa izan, eta Estatuaren tutoretzari begira egon gabe Kataluniak bere bidea egiten jarraitzen du. Kataluniarrek erabaki dute beren buruaren jabe izatea, eta hori bera bada heldutasun politikoa handiko herri baten seinale.

Katalunia eta Euskal Herria, bi herri gara, ibilbide desberdinak ditugu, baina helmuga bera. Ortuzarrek, Katalunian gertatzen ari denarekiko «inbidiarik gabe», kontrakoa aditzera emango badigu ere. Gure herrian burujabetzaren eztabaida «nik esaten dudalako» batekin amaitzen ez duen bitartean, libre da EAJ ezer baino lehen siglak lehenesten jarraitzeko.

Burujabetza ez defendatzeko arrazoi bakarra bururatzen zait: aldaketa politiko eta sozialik nahi ez izatea. Gaur, Euskal Herrian nahiz Katalunian, herriak du benetako aldaketarako giltza. Independentziaren bideari behar duen bultzada politiko eta soziala emango dion gehiengo soberanista ezinbestekoa da, gainera.

Independentziak, berez, ez du zertan ezer konpondu. Independentziaren aldeko borroka Euskal Herrian bizi garen herritar guztion eskubideak ziurtatzeko borroka izan behar du. Eta gaurdanik egin ditzakegu burujabetza ariketak, keinu txiki baina garrantzitsuekin, izan litekeen eta baden bezala, gure eskualdeetako (hainbat) udaletxetan, aktak euskaraz jasotzea, edota, espainiar Estatuaren azken erasoari erantzunez, konponbide prozesuaren alde, bakearen eta burujabetzaren defentsan datorren urriaren 3an Donostiako kaleetan mobilizatzea.

Eguneroko bizimoduan eragiten diguten gaiak dira garrantzitsuenak. Zerbitzu publikoak, pentsioak, aberastasunaren banaketa, emakumeon eskubideak, gazteen eta migranteen egoera, enplegua... Estatuaren eskura uzterik ez dugu, jakinda bata bestearen atzetik suntsitzen ari dela. Instituzio propioak behar ditugu, Estatu propio bat, guztiak bermatzeko.

Bihar ez, gaur, norabide horretan urrats erabakigarria ematera doa Katalunia. 48 ordu barru gertatzen dena mugarri izango da. Kapitalismoaren diktaduraren aurrean, herrien burujabetza lortzetik gertuago egon gaitezke. Baita Euskal Herrian ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!