Sei lerroburutan

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2015ko uzt. 26a, 09:00

Nork esan zuen uztaila lasaia zenik? Kurtsoa amaitu ezinik gabiltza. Agur esan ezinik ere bai, bistan denez. Zeresan ugari ematen ari da hilabete hau. Lehen lerroko albisteak oharkabean pasatu zaizkigun beste batzuekin nahasita, tartean geratu zaizkigu sei lerroburuok:

Bat. Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria Tolosako Udaberri dantza taldearentzat izan da. Lehenengoz antolatu du Jaizkibel Konpainiak saria, gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona eta erakundeak sarituz. Zoriontzekoa da Udaberrikoek jaso duten aitortza, eta txalogarria, Jaizkibel Konpainiaren lana.

Bi. Hilabete besterik ez dira geratzen Kataluniako hauteskunde plebiszitarioetarako. Irailaren 27ari begira jarriak gara dagoeneko. Itxura guztien arabera bateraezintasun arazoak ez ditu Guardiolak bakarrik izango. Hasi da barne ministroa Konstituzioaren 155. artikuluari hautsa kentzen; bitartean, gizarte zibila motore duen prozesua aurrera doa Katalunian.

Hiru. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Hiru herrialdeetan ekonomisten ustez egoerak onera egingo du urtearen amaierarako. Ekonomistak baikor daude suspertze ekonomikoaren bilakaeraren inguruan. Diote urtea hasi zenetik ekonomia ez dela okertu. Izan zitekeen okerrago. Ekonometroak markatzen duen tenperaturaren eta kaleko sentsazio termikoaren artean, ordea, oraindik ere aldea handiegia da.

Lau. Neurri nabarmendu dira Euskadiko Osasun Sisteman Pertsonek dituzten Betebehar eta Eskubideen Deklarazioan: Hiltzerakoan bakarkako gela bermatuko zaie gaixoei EAEko ospitaleetan. Erditzeko garaian gertuko norbaitek egoteko eskubidea izango du emakumezkoak, baita ugalkortasun tratamenduak jasotzeko ere; horrez gain, eremu publikoetan bularra eman ahal izatea eskubideen zerrendan sartu dute deklarazioan. Darponek esan duenez gutxienekoen etika gaindituz, gehienezkoen etika bat sustatzera omen datoz neurriok. Harrapazan/k.

Bost. Ziren hasieran eta orain badira 12, EAE eta Nafarroa barne, LOMCEren kontra dauden erkidegoak. Werten aldean, Mendez de Vigori beste jarrera bat ikusi dio Cristina Uriarte sailburuak. Gure eskualdean, landa eremuko haurreskola txikien biziraupena bermatuko bada, Uriartek berak ere aldatu beharko du jarrera.

Sei. Urte dira Remi Ayestaran billabonatarra hil zela. 2009ko uztailaren 31n, Santio festetako azken egunean izandako gertakarien harira hil zen Ayestaran, udal hautetsi zela. Aurten festetan egiten zaion omenaldia egitarau ofizialetik kendua izan da. Ez bat, ez bi, ez hiru, pauso asko geratzen dira oraindik egiteko biktima guztien aitortzaren, erreparazioaren eta memomiaren alde.

Irailetik aurrera ere izango da zer eginik norabide horretan. Horretan, eta beste askotan. Bitartean, indarrak hartu eta ongi ibili!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!