Langile xumearen ametsak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2015ko uzt. 5a, 10:05

1936ko gerratean bonba bat lehertu zitzaien etxean. Sukaldea bakarrik geratu zen zutik. Bizimodu gogorra zuten, meategiei lotutako familia zen berea, eta gertutik ezagutzen zuten miseria. Apaiz gaztea zen artean, pikotxa eta pala eskutan hartzea erabaki zuenean. Peoi izan nahi zuen, langile xumea, eta urratsa emateko Elizaren baimena jaso bezain azkar eraikuntzan hasi zen lanean Euskal Herriko lehen apaiz langilea.

Berak oso argi zuen. Lan munduko egoera aldatzeko langileen ondoan aritu beharra zegoen, haiek bezala lan egin, haien beharrak eta borrokak bertatik bertara ezagutu. Klase kontzientziak mugitzen zuen, eta pertsonen duintasuna helburu, herriaren aldeko konpromisoak hartzeko unea iritsi zitzaionean, Elizarekin topo egin eta sotana erantzi behar izan zuen.

Barakaldoko soto umel batean eman zituen hainbat urte. Bere txokoa askoren etxea izan zen, eskola eta klandestinitatearen habia. Lurrean egiten zuen lo, bazelako beti norbait koltxoi gainean gaua pasatzeko berak baino behar handiagoarekin.

Bizitza emankorra izan du Periko Solabarriak. Ezker Abertzaleko militante historikoak agur esan berri digu, eta orduz gerotik hari irakurri eta entzundakoak berreskuratzen gabiltza, utzi duen hutsunea nolabait bete nahian.

85 urteko gazte kementsua zen Periko. Haren gorputz nekatuak lanak izaten zituen buruak agindutakoari jarraitzen. Aktibista zen, askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokalari nekaezina. Bilbo handia txiki geratzen zitzaion, mobilizazioa eta protesta non, bera beti han baitzen, injustizia politiko eta sozialak salatzen, beti egoerarik latzenetan dauden herritarren ondoan. Mugitu beharra aldarrikatzen zuen, geldirik egotea botereari men egitea dela-eta. Alfonbra gorriak baino lokatzetan emandako pausoak zituen nahiago, benetako arrastoa uzten duten oinatzak. Eta hala, ahal zuen guztietan langileon egoera aldatzearen alde egiteko grinez, LABeko militante gisa gure sindikatuan ere aztarna handia utzi digu.

Herria maite zuen, eta zioen etengabe kalean egon beharra dagoela, herritarrekin. Ezti tantak ziren bereak, ozpin kupelak baino askoz emankorragoak.

Etorkinen laguna, emakumeon aliatua, begirada gardena eta kritikoa zuen beti bizitzaren ertzak miatzeko. «Amets egitea ukatzen digutenei loa kenduko diegu», gogorarazten zigun, hain gustuko zuen esaldia sarri errepikatuz. Kapitalaren armarik indartsuena delakoan, ahanzturarekin kontuz ibiltzeko ere ohartarazten zigun. Gizarte justu bat herri libre batean, ez zuen besterik amesten.

Udako etenaldiaren aurreko azken lerrook Perikok esandakoekin amaitu nahi ditut. Ondo ibili, eta zoazten tokira zoaztela, ez ahaztu ametsak bidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!