Akaso azken hauteskundeek izandako eskuzabaltasunari esker pozez salto egingo dute batzuek, eta hoberako aldaketen zain jauzi, besteek. Trantsizio hilabetea dugu ekaina, aurtengoan oraindik eta ageriago.
Hauteskunde ondorengo biharamuna hasi da lausotzen. Zer esana eta zer pentsa eman du M24ak. Egun batetik bestera politologo bihurtuta hor ibili gara, halako eta bestelako arrazoien defentsan, halako eta bestelako faktore eta aldagaien logika, harremana eta eragina ulertu nahian. Kontuak kontu, mapa elektorala finkatu da, eta orain, gobernagarritasunaren kartak mahai gainean daude. Dantzan dira kromoak, zuk niri zer, nik zuri bai ala ez.
Hauteskunde aurreko egunkariak irakurri gabe gorde eta bozketen hurrengo egunean berreskuratzea ariketa benetan bitxia suertatu zait oraingoan. Emaitzak eskutan, deigarria izan da ikustea bezperako editorial eta iritzi artikuluetako kinielak nola litezkeen egun batetik bestera guztiz zaharkituta geratu, edo kontrakoa, hurrengo lau urteetarako bidearen abiapuntu bihurtu.
Herritarrok gauzatu dugu gure bozka eskubidea, «demokraziaren festa» deitu diote batzuek, eta «normaltasuna» nabarmendu dute besteek. Normaletik askorik ez dut ikusi bizi ditugun garai hauetan gurean eskuinak izan duen hauspotzean, baina azken batean, herritar bakoitzak egin du bere aukera, eta ez da gutxi.
Beraz, listo. Osatu da mapa berria. Eta orain zer? Hozkailu gainean izan ditugun programa eta promesak ere sutara bota, eta 2019ra arte, kitto?
Ez horixe. Politika lau urtetik behin bozka ematea baino askoz gehiago da. Gure egunerokoan, maiz konturatu ere egin gabe, etengabe ari gara erabaki politikoak hartzen, kontsumo ohituretatik hasita, familia egiturekin jarraituz... Gure erosketak non egiten ditugun, seme-alaben heziketari begirako erabakiak... Egunero gosaritan kafe eta zereal tartean erreala eta eskelak sartzea ere bada erabaki bat, hautu politiko bat.
Antzinako Grezian, gai publiko-politikoekiko interesik ez eta norbere kontu pertsonalekin bakarrik kezkatzen zen herritarrari idiota deitzen omen zitzaion. Jakinik «pribatuarekiko» gure kezkak eta jarrerak gai publikoetan eragin zuzena dutela, zer paper jokatu nahi dugun erabakitzea gutako bakoitzaren esku dago.
Baditugu ekainean hitzordu bat baino gehiago idiotak izateko inolako asmorik ez dugula erakusteko. Asteburu honetan hasita, Alternatiben Herrixka bihurtuko zaigu Donostia. Aldaketa klimatikoari aurre eginez, mundu hobe baten alde, sistema aldaketa aldarrikatzeko parada polita izango dugu bertan. Horrez gain, San Juan suari itxaron gabe jauzi bat egitera deitu gaitu Sarek dispertsioaren kontra, ekainaren 12an. Borobiltzeko, hilaren 21ean Gure Esku izango dugu motibo on bat, benetan ona, gure futbol zelaiak betetzeko. Eta badira gehiago. Zubi-hilabetea izateko ez dago gaizki, ezta?