Lokatz artean oinez

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2015ko mai. 10a, 09:56

Lurra haserre da Nepalen. Dardarak ikara, izua, eragin du. Hildakoak nonahi ikusten dira kalean, elkarren gainean pilatuta. Bizirik atera direnak izurriteen beldur dira orain, eta senitartekoen gorpuak erretzeari ekin diote, agur egiteko ere astirik gabe. Egunak daramatza suak piztuta.

Lurrikarak Nepalgo mapa puskatu egin du. Pitzadurak eta zuloak, ez dago besterik. Etxeak bota ditu, zubiak eten, herriak irentsi eta milaka lagunen bizitza betiko lokaztu.

Ustekabean, abisurik eman gabe egin du marru lurrak. Eta geroztik han ezer ez da berdina. Bertatik iristen zaizkigun kronikak eta argazkiak ere ez dira lehengokoak.

Aurrera egiterik izan ez duten familia bereko 18 senideen tragedia kontatu digute; sentitu dugu seme-alaben bila egunak daramatzan amaren aienea; grabatu dute 105 urteko agurea hondakinen azpitik bizirik ateratzen, eta aurkeztu digute hondamendiaren erdian mundura etorri berri den jaioberria. Inongo laguntzarik jaso gabeko herri ugari daude oraindik, tokirik zailenetan, isolaturik, zain. Urrun geratu dira, inoiz baino urrunago, lurraren mugimenduak Nepalgo mendi gailurrak oraindik eta zorrotzago bihurtu dituelako.

Kultura, erlijioa eta turismoa zen Nepal, deskalabrua gertatu aurretik. Hoteleko bezeroak kexu dira. Gertatutakoa ez zen haiek kontratatutako paketean sartzen. Amesgaiztoa lehenbailehen atzean utzi nahi dute, baina ezin; geldoa da gero burokrazia.

Eta gureak zer? Gureak ongi daude, zorionez. Euskal Herritik joandako espedizioek, etxera bueltan, berri lasaigarriak ekarri dizkigute. Onik eta pozik daude, «jatetxe on batean txuleta eder bat jateko irrikan», mendizaleetako baten hitzetan.

Bizitza eta heriotza, nongoak eta norenak izan, termometroak ez du beti berdin markatzen. Nepalgo hondamendia hedabide askoren bazka izan da egunotan. Haiek erabakitzen dute zer den garrantzitsua, eta noiz arte. Sortuko da laster beste albiste bat, berriago. Eta orduan, Nepal, berriro, munduaren beste puntan geratuko zaigu, ahanzturaren mugetan harrapatuta.

Guztia galdu dute nepaldarrek, baina bada gauza bat lurrak kendu ez diena: itxaropena. Txikizioaren erdian tente, honela zioen mutil batek: «Bakarrik galduak gara. Elkarrekin, indarrak batuz, lortuko dugu herria aurrera ateratzea».

Hara hor ikaskizuna. Nepaldik etxera etorrita, Maiatzaren Lehenaren bueltan eta hauteskunde politikoen lurrikara betean, ea guk ere lortzen dugun, behingoz, oinak lokatzetatik askatzen hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!