Lanik gabe eta etxea galtzeko mehatxupean, bazterketa sozialerako arriskua gero eta gertuago zuen Mirenek. Eta hil egin da. Kapitalismoaren aritmetika basatiak hil du.
Mireni gertatutakoa bizi dugun egoera larriaren adierazle da. Benetako tragediak gertatzen ari dira. Etxe eta lan kaleratzeen jarioa etengabea da. Elite ekonomikoak erabakitzen ditu politikak. Multinazional handien eta banketxeen interesek ez dute toperik. Irabazi tasak eta dibidenduak pertsonen eskubideen gainetik jarri dituzte, kapitalak agintzen du.
Epe luzeko langabezia egoerak betierekotzen ari dira eta pobreziaren pandemia etenik gabe zabaltzen. Kaleratze bakoitzaren atzean pertsona bat dago, istorio bat, familia bat, bizitza bat, askotan drama bat. Gaur, babes soziala gero eta murritzagoa denean, lana galtzea bazterketa sozialerako faktore erabakigarria izan daiteke. Gehienetan familia da murrua, baina ez beti. Zenbat proiektu, zenbat harreman eta bizitza ez ote ditu pitzatu langabeziak, batzuetan, hausteraino. Eta non daude langabeziaren aurkako politikak? Non dira bazterketa sozialari aurre egiteko neurriak? Non gertatzen ari den honen guztiaren erantzule politikoak?
Krisitik ateratzen ari garela diote, baina ezkutatu egin nahi digute irteera hori langileon prekarietatearen eta pobreziaren gainean egingo denik, betikoek aberastasuna pilatu dezaten, gehiengoa zapaltzen jarraituko dute.
Apur dezagun behingoz bizitzen ere uzten ez digun sistema bidegabe honen logikarekin. Jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura jarri behar dugu, eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean kokatu.
Jabetu gaitezen, boteretu, antolatu, gure eskubideen alde: lana eta etxea izateko eskubidea dugu. Guregatik, Mirenengatik, eta bera bezala, bizitza duin bat izateko borrokan lau hilabeteotan Euskal Herrian hil diren zazpi langileengatik, borrokan jarraitu behar dugu. Ongi bizitzeko eskubidea dugu eta ez diezagula inork kendu.