Gainean dugu martxoaren 8a. XIX. mendean hasi eta gaur arte emakumeok gure eskubideen alde egindako (eta egiten jarraitzen dugun) borroka luzea gogora ekartzen dugu urtero. Ehungintzan abiatutako mobilizazioetan dugu lehen erreferentzia: 1857an New Yorkeko Lower Easte Side konpainiako jostunen sindikatuak antolatutako martxa berezia, 10 orduko laneguna eskatzeko; handik urte batzuetara lisatzaileek hiru hilabeteko grebari ekin zioten soldaten igoeraren alde. Bide hari jarraiki, 1900. lehen hamarkadan etengabeak izan ziren borrokak: milaka emakume langile protestetara batu ziren, asteetako grebak egin zituzten, miseriazko soldatak eta lan baldintza kaskarrak salatzeko. Lorpenen tamainako jazarpena sufritu zuten haietako askok.
Clara Zetkin tarteko iritsi zen Emakumeen Nazioarteko Eguna antolatzeko proposamena, 1910ean. Munduko emakume guztiei berdintasunaren aldeko borroka egiteko deia egin zien. Handik urtebetera milioi bat emakumek baino gehiagok egin zuen bat deialdiarekin. Urte emankorrak bezain gogorrak izan zirela erakutsi digu historiak.
Orduan bezala gaur ere aldaketa beharra begi bistakoa da. Sistemak sexuen araberako lan banaketari eusten dio: zaintza eta etxeko lanak emakumeoi egozten zaizkigu, eta, lan merkatuaren baitan, emakume eta gizonen artean lan baldintzetan arrakala nabarmena dugu. Adibide bat: Hego Euskal Herrian lan egindako lan ordu bakoitzagatik gizonek emakumeek baino %26 gehiago irabazten dute. Bestela esanda, emakumeen soldata %36 igo beharko litzateke (lanorduak ez ezik lanaldiak -partzialak askotan- duen eragina aintzat hartuta) gizonen soldatarekin parekatzeko.
Izan emakume ala gizonezko, lan berak ez du berdin balio eta lan baldintzak desberdinak dira. Baldintzarik kaskarrenak eta ezegonkortasunik handiena lanbide feminizatuetan topatuko ditugu.
Aspaldion guztion ahotan dugu aldaketa sozioekonomikoaren beharra. Ezarri zaigun eredu bidegabe honen aurrean alternatiba eraikitzeko baditugu proposamenak eta badugu tresna: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.
Hain zuzen ere, burujabetzaren bidetik bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko aldaketa sozialaren alde kalera aterako gara martxoaren 14an. Bilbon eta Iruñean izango ditugu hitzorduak, eta ezinbestean, emakumeok ere han behar dugu izan. Ez dezagun ahaztu, aldaketa feminista ez bada, ez dela benetako aldaketa izango. Hor dugu erronka. Hel diezaiogun!