Lapurrak sartu zaizkigu etxera, eta gordeak genituen zentimo guztiak eraman egin dituzte. Eskuz esku elkartasunez betetako zakuak hustu eta kartoizko kaxa handiak propagandaz eta zarataz bete dituzte. XXI. mendeko bakero anakronikoak dira, akzioan jarraitzen dute.
Besteren letrak gure eginez, esan dezakegu Estatua bere dekadentziaren onenean dagoela. Ustelkeriak ustelduta, boto-gerra betean, zauritutako animaliaren pare, kosk egiten jarraitzen du, ahal duen guztietan.
Azken operazio politiko-polizialarekin euskal preso politikoak izan dituzte jo-muga, presoekiko elkartasuna zapuztu nahi izan dute. Gertaera hauek zeharka eragin digute sindikatuan, baina zuzenean bizitu dugu astinaldia. Probatu duenak badaki, halakoetan erabatekoa dela babesgabetasun egoera. Gogoan izan ditugu eskubideen defentsarik gabe utzi nahi dituzten presoak, haien abokatuak, operazioan atxilotuak izan diren herritarrak, epaitegietara bidean jarri dituzten lagunak; poztu gara aske geratu direnekin, eta kezkatu, espetxeratutakoekin, haien familiekin. Denak buruan izan ditugu lo ordu galduetan. Ez gaude prest besoak gurutzatuta geratzeko. Eta erasoari tamainako erantzuna eman diogu. Eragile sindikal, sozial eta politiko askoren artean indarrak batu eta elkarrekin atera gara kalera. Bazen gehiagorentzat tokia ere. Ordea, itsu eta mutu, etxean geratu dira EAJ-ko buruzagiak. Tsunamia pasatu bitartean kieto, zuhaitzera igota.
Gertuko zenbaiten isiltasuna urrutikotzat genituen askoren elkartasunak estali du. Eta arnas hartu dugu Donostiako manifestaziotik bueltan. Itxaropenez bete zaizkigu birikak. Ez gaude bakarrik. Ez daude bakarrik. Asko gara, gero eta gehiago, gatazkaren konponbidean aurrera egin nahi dugunak, eskubide urraketa eta zentzugabekeria hauek guztiak onartzen ez ditugunak.
Euskal Herriaren aurkako sarekadari indartsu erantzun diogu herritarrok. Patrikak hustu eta poltsak bete ditugu berriro. Ez gara alferrik, Europako herririk egoskorrena.
Indioak gara gure herrian. Aurrera egin nahi dugu eta egingo dugu, elkartasunaren gezi punta zorrotzekin.