Gutun bat 2015erako

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2014ko abe. 21a, 12:00

Egutegiari amaitu zaizkio orriak. Eguberrietan gara eta saltokietan kanpaina bete-betean dira. Erosi orain eta ordaindu martxoan... Hamar familiatik batek jada egina omen du mailegu eskaera Gabonak pasatzeko, etxeko txikien amets eta ilusioek ez baitute krisia ulertzen. Ulertu ez, baina sufritu bai. Aurten ere etxe askotan ez da erraza izango Olentzeroren saskia berdintzen.

Eta gutun bakar batean jaso ahal izango bagenitu 2015erako gure erronkak? Zerrendatu ahalko bagenitu gaurko egoera errotik aldatu eta bestelako Euskal Herri bat marrazteko gakoak? Gutun bat, urtea lantokiko atean euren lanpostuen defentsan borrokan bukatuko duten langile guztientzat. Etxebizitza kendu eta kale gorrian utzi dituztenentzat. Langabezian eta inolako prestaziorik gabe direnentzat.

Gutun bat, pobreziaren hatzaparretan gatibu diren herritar guztiek (euskal herritarren ia %30) babes soziala izan dezaten. Gutun bat, bestelako produkzio eta kontsumo eredua garatu eta pertsonen zaintza eta lurrarena lehenesteko, jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura jarriaz. Lanaren eta aberastasunaren banaketa bidezkoa, enplegu duina, osasunerako eta hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, etxebizitza, kultura eta hizkuntz eskubideak ziurtatu ahal izateko.

Pertsonen eta herrien arteko elkartasunean oinarritua den gutuna, eskubide guztien jabe den herritargoaren neurrikoa, herri gisa eskubide guztiak aitortuak dituen Euskal Herrian.

Benetako aukera bat, bizi dugun larrialdi sozialeko egoera irauli eta hobeto bizi nahi dugun guztiontzat, eskubide sozialak, zerbitzu publikoak, lanerako eskubidea... Aitortu eta bermatzeko. Egoera makur honi amaiera eman eta gauzak beste modu batera egin behar direla pentsatzen dugunon aukera, emakume eta gizonen arteko berdintasun eskubideen aldarritik abiatuta, aniztasunean eraikia.

Hemen dugu, hemen duzu. Luzatu eskua eta tori Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Euskal Herriko gizarte mugimenduak eta mugimendu sindikalak egoera errotik aldatzeari ekin diogu eta ehunka lagunen inplikazioarekin hitzez hitz josi dugu gutuna, euskal herritarron oinarrizko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatu eta bizi baldintza duinak eskuratzeko, eta gu, herritarrok, langileok, prozesu parte hartzaileen protagonista eta gure erabakien jabe izan gaitezen.

Eremu politiko eta instituzionalean lehentasunak aldatu behar ditugu. Gauzak beste modu batera egin daitezke eta egin behar dira. Egin ditzagun elkarrekin bizimodu hobe baterako urratsak 2015ean. Bidean ikusiko dugu elkar, bitartean ongi ibili!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!