Galtza motzak eta izoztutako obuluak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2014ko aza. 23a, 12:00

Lagun batek eta biok erronka berria dugu esku artean: datorren urteko Lilatoia. Ilusioz hasi gara prestatzen, astean behin zapatilak jantzi eta bagoaz, pauso bakoitzeko hamaika kontu, egunak emandakoak atzean utziz. Ez dugu lehia gogoko, eta badakigu Lilatoia lehia ez beste guztia dela, badela aldarrikapena eta elkartasuna, festa dela, kirolaren bueltan emakumeok batzeko aitzakia paregabea.

Anbizio handirik gabe, beti berdintsu eta beti gustura egiten dut korrika. Oinez egiten den bidea denbora erdian egin ahal izateak bultzatu ninduen korrika egitera. Denbora falta eta denbora behar, beste gauzetarako.

Kirolzale amorratuak ditugu etxean. Handia da egiten duten ahalegina eta pasatzen duten denbora. Txalotzen ditut eta jarraitzen, ahal dudan guztietan, haiek ikustera noan egunetan korrika egin gabe geratuko banaiz ere.

Udazkenean lasterketa ugari izaten da gurean. Markak hautsiz, gero eta emakume gehiago ikusten dugu batean eta bestean lasterka. Markakoa izan da lasterketa horietako batean ateratako argazki baten harira sortu zaidan ezinegona. Neska bat ageri da lasterka hasteko prest. Bere galtza motzen inguruan iritzi sorta luzea osatu da mutil kuadrila batean; hor aritu dira jo eta su, nork handiagoa botako. Haientzat, nonbait, soinean daramatzagun arropen luze-motzen araberakoak izan daitezke gurekiko iritzi eta aipamenak; behin objektu bihurtuta, dena libre.

Guztiok jaiotzen gara berdin, baina jaio orduko egiten gaituzte arrosa ala urdin. Nerabeen heziketa sexualari buruz atera den informazioak zer pentsa ematen du. Lehen ondorioa: gero eta nerabe gehiagok pornografia dute sexu ikaspenerako erreferentzia nagusitzat. Bigarrena: jarrera matxistak indartzen dira informazio hori patroi sexisten gainean eraikia denean eta distortsionatua, gizonaren domeinuan eta emakumearen mendekotasunean oinarritua.

Gaur nerabe diren askok (tamalez ez guztiek) bihar lan bat izango dute. Eta tartean egongo da ama izan nahi duenik. Ordurako ziurrenik enpresak emango die obuluak izozteko tratamenduen berri, eta agian ordaindu ere bai, amatasuna ere enpresaren nahieran antolatu dezaten. Hala, handik hamar, hamabost edo hogei urtera, enpresari ongi datorkionean, izoztutako obuluak ernaldu ahal izango dituzte.

Jendarte parekide baterantz bide luzea dugu oraindik egiteko. Pausoz pauso, nahi bada oinez, korrika ahal bada, galtza motzak jantzi eta segi beharra daukagu. Denborarik galdu gabe, konturatzerako martxoan gara eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!