4.254 egun

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2014ko urr. 26a, 14:26

Konturatzerako iritsi zait berriro txanda. Hasi naiz orri zuriaren gainean hitzak josten. Oraingoan izurriteaz egin nahi dut gogoeta. Neurririk gabe zabaltzen ari den gaitzaz. Datu lasaigarrien atzean ezkutatu nahi zaigun egoera larriaz… Pobreziaren izurriteaz alegia.

Lehenik miseriara kondenatu nahi gaituzte eta gero pobre izateagatik zigortu. Ederra panorama. Ari nintzelarik idazten politikari mingain gorriez, babes sozialera bideratutako diru laguntzen eskasiaz, Europan ematen ari den xenofobiaren instituzionalizazioaz, bizi baldintza kaskarrek itota jaioterrira bueltan doazen euskal herritarrez, botikak hartzeari utzi behar izan dioten pentsiodunez, eguneko otordu bakarra eskolan egiten duten umeez, lana izanda ere pobreziari ihes egin ezin dioten langileez… Haserrea arindu eta plana aldatu didan albistea jaso dut: akabo Egunkaria Auzia, bukatu da amesgaiztoa.

Esku artean nuen idatzia tiraderan gorde eta atzera begira jarri naiz, 4.254 egun atzera. 2003ko otsailaren 20a. Tolosan ginen, Egunero egunkaria egiteko lanetan, gure erredakzio txikia jendez betetzen hasi zenean. Egunkaria-ko langileak ziren. Guardia Zibila Andoaingo Martin Ugalde parkean zen, Egunkaria-ren ateak betiko itxi zituzten eta hainbat lagun atxilotu.

Utzi genizkien aulkiak eta ordenagailuak. Harrituta begiratzen genuen langile haien lanerako grina, esku artean zuten proiektuarekiko atxikimendua, emozioei eusteko kemena, amorrua eta mina errotatibako tinta beltzarekin arintzeko izan zuten profesionaltasuna.

Egunkaria Egunero bihurturik, Euskal Herriko saltokietan zen hurrengo egunean. Biharamun gordina izan zen, gazi-gozoa. Ez ginen lozorroan geratzeko prest. Milaka izan ginen kioskoetara jo genuenak, euskarazko egunerokoaren bila. Hantxe zegoen ezina ekinez egina.

11 urte pasatu dira. Hamaika. Gauza asko gertatu dira denbora horretan. Eta azkenean, zorionez, libre dira Egunkaria-ko auzipetu guztiak. Justizia egin denik, ordea, ez nuke esango, Egunkaria-rekin gertatutakoak atzera bueltarik ez baitu. Betirako itxita da, aurretik Egin egunkaria eta irratia itxi zizkiguten moduan.

Gaur gogoan ditut bultzada politikoz itxitako komunikabide guztiak; iritzi eta adierazpen askatasuna praktikan jartzeagatik torturatuak eta zigortuak izan diren pertsona denak; azken sei urteak Salamanca eta Kordobako espetxeetan eman dituen lagun kazetaria; auzibidean daudenak, oraindik preso direnak. Eta luma zorrotza astintzen jarraitzen dutenak. Bihoakie hemendik nire besarkadarik beroena. Biba zuek!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!