Jakin-mina, aldaketa izan daiteke baietza. Askotan biderik luzeena. Baina ibili bagabiltza, bagaren seinale. Eta ibilian bizi garelako edo, baiezkoak ekarri nau lerro hauek sinatzera. Zer da ba, gai baten edo bestearen inguruan iritzia azaltzea? Inori leziorik eman gabe, pentsatzen duzun hori esan eta kito. Erraza dirudi.
Iritzi-sortzaile arituak eta adituak direnen artikuluak irakurtzea maite dut. Maiteago, iritzi horiek emakumeen ahotan emanak direnean. Baiezkoa eman izana zor diet. Kulturan, politikan, eremu sozial nahiz sindikalean badugu hamaika emakume erreferente. Ari gara urteetan ukatuak izan zaizkigun espazioak berreskuratzen. Iritzi publikoaren plaza emakumeona ere bada, eta gero eta gehiago behar du izan, bakoitzak geure txikitik eta txokotik, asko dugulako esateko.
Erabakiak eta hitza hartzeaz ari garelarik, egun hauetan Eskozia eta Kataluniari begirik kendu gabe gabiltza. Baietza izan da irabazle bietan. Herriak bere etorkizuna erabakitzeari emandako baiezko borobila, alegia.
Baditu Eskoziako prozesuak eredugarriak iruditu zaizkidan hainbat bertute: batetik, parte hartze handia, herriaren atxikimenduaren adierazle, eta bestetik, lehia politikoan (dimisio eta guzti) azken egunera arte nagusitu den normaltasuna.
Espainian burujabetza prozesuen aitortza eta dimisioak, biak urri dira. Diote benetako aldea ez dagoela Eskozia eta Euskal Herriaren artean, desberdintasuna Cameron eta Rajoyren artean topatuko dugula. Ezezkoaren garaipena eskutan, hitzez hitz neurtutako diskurtsoarekin atera da Erresuma Batuko lehen ministroa, zuhur. Eta atera da Espainiako Gobernu burua ere, bideo batean, kamera atzeko apunteak irakurriz. Mezuan eta formetan, bietan dago aldea.
Eskoziak ireki du bidea Europan. Kataluniak, orain, Espainiaren ezezkoari erantzun beharko dio. Badugu zer ikusi eta ikasi, baina bakoitzak bere astoari egin beharko dio arre. Hemen etxean ere ari gara bidea egiten. Ekainaren 8ko egun hura gogoan dugu. Gure eskualdea galanki mugitu eta mobilizatu zen erabakitzeko eskubidearen alde. Erakustaldia eman genuen, guztion artean.
Bere buruaren jabe izan nahi duen herria gara. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu. Egin dezagun aurrera, eskuz esku, auzoz auzo, ilusio eta konpromisotik, aniztasunean adostasunak eraikiz, indarrak batuz, gure gaitasunean sinetsiz, ausardiaz. Oinarrizko eskubide demokratikoez ari gara, ez dezagun ahaztu. Gure txanda da, bai!