Hasi eta hasi

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2018ko urr. 16a, 12:21

Udazkena hasi eta harekin hasi da dena. Hasi dira eskolaz kanpoko ikastaroak eta haiekin batera batetik bestera iristeko guraso askok egin behar izaten dituzten lasterketak.

Hasi dira hizkuntza eskoletako ikastaroak eta han abiatu dira hizkuntza bat ikasteak dakartzan zailtasun eta katramilak. Kiroldegietan ere makina bat hasiberri daude, giharrak gogortzeko eta osasun-egoera hobetzeko ahaleginetan. Eta horrela, dena hasi, hasi eta hasi.

Askoren asmoak sasoi honetan erosi eta estutxean gordetako boligrafoen tapak urratzen hasterako agortzen dira edota kirola egiteko erositako arropa berriak gorputzera egiterako. Baino zer demontre udazken-negua horretarako garaia ere bada! Nonbait irakurria daukat negua etxerako eta atseden hartzeko garaia dela batez ere, naturak ere garai honetan barrurako joera duela eta horregatik udaberriko lehen eguzki izpiak irteten direnean indartsu eta kementsu agertzeko gaitasuna duela, bizi eta koloretsu. Pertsonok, ordea, zalapartan eman nahi dugu negua eta hortik, agian, udaberrian pertsona hainbatek erakusten duten ahuldadea eta ezina; ezin berpiztu itzaltzeko ahaleginik egin ez duen hori.

Zaila da ordea, «hastearen» zurrunbilo horretatik ihes egitea: hizkuntza bat erraz eta azkar ikastea posible dela sinestarazten digute iragarkiek, kirola gogor eta modu diziplinatuan egiten ez duen hori zeharo nagia dela esan, «probetxuzko» ezer ikasi nahi ez duenak, gutxienez josteko edota sukaldean hobeto egiteko ahalegina egin dezakeela gogora ekarri; batean edo bestean, baino zerbaitetan hasi bederen.

Nik ere izan dut «izen-ematearen» sindrome hori; hasi naiz honetan eta hartan, eta bukatu dut hau eta besteak, baina ezin izan dut hirugarren harekin, asmoa, gogoa eta indarra agortu zaizkidalako bidean. Hasteko eta amaitzeko datarik ez duten eta presiorik eragiten ez duten horiek egin nahi dituela irakurtzen nion orain gutxi adinean aurrera egindako pertsona bati. Nahikoa estutu duela bere burua onartu eta lasaitasunean irakaspenak jasotzeak eragiten dion plazeraz mintzo zen. Egunero hasten da hura, baina egunero amaitzeko. Inbidia eragiten zuten bere hitzek eta ikasteko eta egiteko moduek. Lastima, ileak zurituta eta azalak zimurtuta izan beharra hori ikasten hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!