Akordatzen naiz, eskolatik oporrak hartu eta lo egiteko aukera izanagatik, aitari eskatzen niola goizero esnatzeko eta mahaiaren gainean jarritako gosariaren berotan ikusten nituela zezenak zalapartan Estafeta kalean behera.
Asteburuan jaiki eta telebistan ikusi ditut aurten eta astean zehar berriz lanera bidean irratian entzun. Bai, ez da gauza bera, baina urteen poderioz ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen dut eta ez ikusiagatik kale eta bazter bakoitzean dauden dendez ere akordatzeko gauza naizela uste dut. Gainera, aitortu behar dut: telebistan gaur egun ez naiz gai entzierroa zuzenean ikusteko eta piper eta txorizo iragarkien ostean botatzen duten errepikapenaz gozatzen dut gehienetan, harrapaketa larririk ez dela gertatu jakin eta lasai ederrean. Ondoren, beste behin errepikatzen dute, eta ondoren, beste bitan edo hirutan. Nahi izanez gero, korrika saio bakoitza buruz ikasita ere amaitu dezakezu telebista saioa. Errepikapenek ibilbidearen bazterretan biltzen den jendeari begira jartzeko ere balio izaten dute sarritan entzierroak eurek baino irudi deigarriagoak eskaintzen dituzte eta haiei begira konturatu naiz ia lepoko zapi gorriak adina mugikor ikus daitezkeela ikusleen artean.
Agian, erraza da eta nik ez dut asmatu, baina nire esperientziatik diot entzierroa lehen lerroan ikusi ahal izateko denboraz joan behar izaten dela lekua hartzera; lo egiteko edota parrandari azken minutuak emateko hobeak diren ordu horietan zain egon behar izaten dela, entzierroaren bazterretan jarrita dauden itxiturak ez direla batere erosoak... eta hori dena zertarako, eta ziztu bizian pasatzen diren zezenen arnasa gertu-gertu entzun eta sentitu beharrean, haiek mugikorraz grabatu eta irudiak etxera eramateko. Total, nahi adina alditan ikus daitezke-eta telebistan! Entzierroan deitu dit atentzioa jendeak esku artean hartutako mugikor kopuruak, baina gauza bera esan genezake ospakizun eta jai gehientsuenen inguruan besteak beste. Izan ere, zenbat eta zenbat une ez ote gara galtzen ari bizitzea baino ia grabatzea nahiago dugun sasoi honetan.