Udaberri hotz bero-beroa

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2018ko mai. 20a, 09:03

Eguzkiak apenas topatu du tarterik hodeien artean eta termometroak goitik baino behetik izan dira, baina udaberria bero-bero doa, inoiz baino gehiago agian. Martxoaren hondarretan abiatu genuen urtaroak egunak adina notizia batu ditu eta haietako asko eta asko potoloak gainera.

Seguru asko, urteak pasata ere gehienok gogoratuko dugu 2018ko maiatzaren 3an eta 4an ETAk erakunde izateari utzi ziola eta notiziak zer nolako arrakala eragin zuen han eta hemen. Tamainako gertakizunak oroimenean iltzatuta geratu ohi dira eta urteen joanean sarri zehaztasunez gogoratzeko gai izaten gara, «halako egiten ari nintzen berria entzundakoan» edota «halakorekin edo besterekin nengoen jakindakoan» esanaz.

Apirilaren hondarretan ezagutu genuen halaber, seguru asko, denbora luzean ahazterik izango ez dugun epaia, ekarriko dituen ondorioak ere tamainakoak direlako. Hotz uzteko modukoak izanagatik, epaileen hitzak eta hausnarketak, bero-bero egin ditu erabakiak kaleak. Milaka pertsona irten dira justizia aldarrikatzeko, bost lagunek behartutako emakumea bortxatua izan zela oihukatzeko, hari elkartasuna erakusteko, kaleak aldarrikatzeko eta mina, haserrea eta ia hitzez azaldu ezin diren beste hainbat sentipen erakusteko. Eta gogoratuko ditugu egun horiek, askorentzat kaleak zein arriskutsu diren konturatzeko balio izan zutelako eta, aldi berean, kendu nahi zaigun askatasun hori hain gure sentitzeko leku aproposenak bilakatu zituztelako.

Guk baino gehiago gogoratuko dute eurek eta euren senideek, baina Altsasuko hainbat gaztek Auzitegi Nazionalean bizitutako disparatea ere zaigu erraz ahaztuko, nola ba? Agian, epaiketa egun zehatzak zeintzuk izan ziren ahantziko dugu, baina oroituko dugu han entzundakoek zer nolako inpotentzia eta ezin ulertua eragin zuten pertsona askorengan eta epaiketan bertan zer nolako kontraesanak azaleratu ziren. Espero dut urteak joan eta gogoratuko dugula, halaber, zein aske sentitu ziren gazte haiek epaia jasotakoan eta jendea kalera atera zela bai, baina ospatzera eta berriz halakorik gerta ez zedin eskatzera. Hala espero dut.

Bero Katalunian, beroegi Palestinan...Urtaro hotza, bero-bero doa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!