Hoztu dira ardura eta elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2018ko mar. 11a, 09:33

Astean bitan pasatzen naiz euren aldamenetik. Autoa aparkatu eta, denboraz beti justu-justu, ia korrika gurutzatzen ditut. Begirada makurtzen dut sarri paretik igarotzean, errezeloa baitaukat nahi baino gehiagotan begiratzen zaiela, diegula; zuzen eta lotsagabe gehienetan, zeharka eta euren begiradan bizitza pasadizoak irakurri nahian beste batzuetan.

Eguraldiak horretarako parada ematen badie, eserita, bankuan batzuk eta lurrean beste batzuk, korroan batzen dira. Bestei tarterik egin gabe mintzatzen dira batzuk, altu; eta isil-isilik sumatzen ditut, berriz, beste batzuk. Emakumeak baino gizon gehiago, gazteak eta adinean aurrera egindakoak elkarrekin egoten dira.

Bateren baten istorioa ezagutzeko jakin-mina sortua zait, onartu behar dut. Agian, eurek ere jakin nahiko lukete astearte eta ostegunero korrika-korrika pasatzen den emakumezko hori zergatik dabilen beti presaka, zergatik amorratzen den autoarekin inguruan bi bueltan eman eta aparkatzea lortzen ez badu... Agian, ez. Kontua da euren bizitza publikoagoa dela, gaua eta eguna kalean ematen dituztela, han bizi direla. Bai, bazkaria eta aterpea eskaintzen dituen elkarte baten egoitzaren paretik pasatzen naiz astean bitan. Bazkalostean ikusten ditut nik, eta ez, ez dira korrika ibiltzen, susmoa baitut, denbora dela, hain justu ere, haietako batzuek soberan dutena.

Azken asteetan izan den hotzaldian akordatu naiz eurekin: isildu gabe aritzen den gizon gazteaz, eskuak azkar-azkar mugituaz mintzatzen den emakumeaz, begirada galduta han edo hemen oso ondo non dagoen ez dakien gizon helduaz, behar duen guztia erosketak egiteko erabiltzen den orga batean sartuta bizi den berrogeita hamarren bat urteko gizonaz... Eta ni bezala akordatu dira eurekin agian inoiz ikusi ez dituzten agintari hainbat. Hotzak izoztuta hil ez daitezen lotarako tokiak ugaritu dituzte eta behin eta berriz entzun dugu komunikabideetan askok ez dutela egokitutako logela horietara gerturatu nahi. Albistea ematen zuen kazetarietako bati harridura tonua sumatu diot, agintariren bati ere bati.

Baina epeldu da berriz ere eguraldia, eta hoztu dira berriz ardura eta elkartasuna. Asteartean ikusiko ditut berriz eta ostegunean, eta hurrengo asteartean eta ostegunean...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!