Gustatu egiten zait urtea hasi eta agenda berria esku artean hartzea, ez dut mugikorreko agendarik nahi. Aste osoa erakusten duten horietakoak nahi izaten ditut, asteburuan begiratu eta aste osoko panorama agertzen dutelako, baina bestelako maniak ere sortu zaizkit agendaren bueltan eta horregatik ez dut tapa gogorrekorik nahi izaten eta kolore ilunekoak argidunak baino gustukoago ditut, orain bi urte kolore biziko eder-eder bat izan banuen ere.
Entzuna diot erretiroa hartutakoren bati faltan botatzen duen gauzetako bat urtero-urtero agenda berri bat erostea dela edota hura erosteko aitzakia galdu izana bederen; izan ere, nolabaiteko arrazoiren bat behar izaten da. Hala, badira etxeko egutegia zirriborroz bete-betea izanagatik agenda erosteko motiborik bilatzen ez duten etxeko-andreak, eta badira, halaber, egin baino lanik ez egitea nahiago duten agenda dotoredun asko.
Berri usaina darion agenda hartu eta urteko data esanguratsuei markatxo bat jartzea gustatzen zait, izena eta abizena jarri aurretik kasik. Aurten badut borobildu beharreko beste bat eta lehendabizi hura seinalatu dut bizi-bizi. Badakit ez dudala inondik ere ahaztuko ospakizun hori, baina agendek ere badute bakoitzaren bizimoduan gertatzen diren aldaketak islatzeko ahalmen esanguratsua. Urteak pasa eta ospakizun eta gertakari batzuk markatuak izateko beharrezko garrantzia galtzen dute, eta beste batzuk berriz utzitako hutsune horiek betetzen dituzte. Badira, halaber, tamalez seinalatuko ez genituzkeen baina urtero markatu beharreko hitzorduak, urtero azkeneko aldiz borobilduko ditugun esperantzarekin seinalatzen ditugunak.
Norbere agendak gorde eta urteak pasatakoan haiei begiradatxo bat ematea ariketa ederra da, izan ginenak eta garenak, joan direnak eta etorritakoak, guztiak batzen direlako bertan, oharretan, egin beharreko lantxoetan, ospakizunetan... etorkizunaz ez ezik, iraganaz ere mintzo baitira agendak. Begiratu egin behar zaio gero idatzitako horri, baina askotan egin beharrekoak idaztea bera, haiek irakurri eta gogoratzea baino ariketa ederragoa da.