Orain egun batzuk emakume bati entzuten nion haserre bizian, gertatzen ari zena azaltzeko hitzik ez zuela eta Kataluniako agintariak espetxeratzeko eskubiderik ez zegoela esanaz. Urruntzen ari nintzela entzun nion berriz ere atzera begira jarrarazi zidan esaldia, ordea: «Egundo ez da horrelakorik gertatu inon». Egia da Estatu espainolak marra asko gainditu dituela azken asteetan, ezintasunak ala neurririk gabeko gorrotoak bultzatuta, baina ez nintzateke horren tinko egundo horrelakorik ez dela gertatu esaten ausartuko, eta gutxiago horrenbeste marra gainditzen ikusi ditugun herri honetan. Zenbat kolpe, zenbat eskubide urraturik, zenbat...
Nago inoren zauriak albokoarenak baino erresumin handiagoa ematen duela eta horregatik sarri saiatzen garela norbere minak ondokoarenaren gainetik jartzen, izan arrazoi edo ez. Kataluniako gertaeren ondotik ordea, aldrebesko jarrera sumatu dut inguruan. Asaldatu egin gaitu gertatutakoak, horretarako modukoak direlako handik datozkigun hitz eta irudiak, eta haien aurrean erakutsitako jarrerak liluratu. Hark ezin ditu, ordea, etxean gertatutakoak estali edota ahaztarazi inolaz.
Niri zer pentsa eragiten dit Katalunian gertatzen ari denak, gurean abiatua behar genuen bidean urratsak ematen ari direlako eta desberdintasunak desberdintasun, batzen dituen horretan arreta jarrita aritzen asmatu dutelako orain artean behintzat. Horregatik uste dut begirada luzatu eta bertaratu egin behar dugula begiei kliskatzeko betarik eman gabe ia, begi-kolpea han jarri eta segidan hona ekarri, bateko eta besteko ikuspunturik ez galtzeko: hangoak guztiz itsutu gabe, norberaren zilborrari begira ahaleginak agortu gabe.
Han eta hemen; hemen eta han, egundo ametsetan baino ikusi dugun hori errealitate egiteko.