Betaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2017ko mai. 14a, 10:03

Ia-ia neguan ere atseden hartu ez duen eguzkia indarra hartzen ari da udaberri sasoian eta haren izpiez babesteko ia ezinbesteko osagarriak dira betaurreko ilunak.

Zenbaitek ezin du ia pausurik eman begiak estali gabe eta badira tartean, iluntasun horretara ohitu ezin eta, inor agurtzeko betaurrekoak apartatu behar dituztenak. Armazoi argiago edo ilunagoak izan, argia apaltzen dute finean eta ikusiko ez genukeen hura agertu, koloreetako betaurrekoek bezalaxe.

Emakumeen eskubideak defendatu dituztenek more kolorekoak proposatu zituzten aspaldian. Haiek begi parean jartzen dituenak mundua erdibituta ikustarazten dituzten arauak argiago atzematen dituzte, baita ia oharkabean baldintzatzen gaituzten keinuak ere. Ez da erosoa, begi eta buruarentzat ere nekagarria izan daitekeelako betaurreko moreek dakarten ikuskera aldaketa, baina behin soinean jartzen dituenak nekez kentzen ditu berriz.

Bestelako koloreetako betaurrekoak ere proposa daitezke: berdeak, urdinak, horiak edo arrosak... guztiak mundua beste begi batzuekin edo behintzat begirada justuago batekin ikusten laguntzeko. Orain gutxi entzun nion bereak eta bi pasatako emakume bati begiradaren garrantziaz hitz egiten. Munduari bizkar emateko adina motibo bazuen agian, baina etorritakoari aurrez aurre jartzea erabaki zuen, atsekabe guztien artean poztasunerako arrazoiak ikustarazten zizkien betaurrekoak jantzi izan balitu bezala.

Begiradaren garrantziaz hitz egiten zuen bitartean, parean jarrita, lotsa baino ezin nuen sentitu. Akordatu nintzen huskeria hainbatek eragindako itotasunaz eta larriaz, sarri sentitutako ezkortasunaz... eta bien bitartean emakumeak bizitza ikuskeraren garrantziaz jarraitzen zuen hizketan, konbentzituta eta irmo. Emakumearen betaurreko horiek ez dira, ordea, behin jarri eta behin betirako begien parean pausatzen. Ahalegina eskatzen du mundua ikusteko modu hori garatzeak, behin eta berriz erortzen direlako betaurreko hauek sudurraren puntara eta sarri-sarri estutu behar direlako berriz ere kopeta ukitu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!