Eztarrian katramilatuta

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2017ko mar. 5a, 12:02

Albisteak gertu-gertutik jarraitu ditut azken urteetan, interesa eta beharragatik ere bai, baina azken boladan berehalakotasun horren zurrunbilotik aldenduta nabil. Egunean behin informazio sorta pilatuta jasotzen dut eta hori nahikoa dut datorren eguneko pilatxoa jaso bitartean, orain behintzat bai.

Entzun diot jendeari esaten albistegia ikusteak ez duela merezi, tristeak diren albisteak baino ez dituztela jasotzen argudiatuta. Ez nago ados, inguruan gertatzen denak, onak eta txarrak, jakiteak balio du burua astintzeko eta gustatzen ez zaigun hori salatzeko eta gure neurrian bada ere aldatzeko.

Kontua da azken asteetan albiste sorta hori jasotzean lapurretan egin eta epaituak izan diren pertsonen ingurukoak entzun eta irakurri ditudala eta haietako askoren istorioak eztarrian katramilatu zaizkidala. Estatu espainoleko erregearen koinatuarenak orriak eta telebista eta irratiko albistegietako minutuak bete dituzte. Epaitu eta kondenatu dute, baina antza, oraingoz behintzat, bapo biziko da lapurtu dituen herritarren kontura eta haietako asko baino luxu gehiagorekin gainera. Herritarrek bozetan aukeratu eta boterea lapurretan egiteko baliatu duten agintariak ere sarritan ikusi ditut azken boladan epaitegietara bueltaka, eta zer eta batera edo bestera ekidin dezaketen zigorra jasotzeko.

Inork pentsatuko du zerk harritzen nauen edo zer espero nuen lapurtzen ez duena ia tontotzat duen eta lapur handi horiek ikertzen dituzten epaileak zigortzen dituzten estatuan. Dagoeneko ezerk ez, egia esan. Albiste horiek katramilatu zaizkit albiste sorta jaso ondoren gertuago ditugun beste kasu batzuekin alderatzen hasi naizelako, ia ezinbestean burua alderaketa ariketa egiten hasi zaidalako. Gabonen bueltan Altsasun egon nintzen eta mahaiaren bueltan eseri Guardia Zibilarekin liskarra izan eta azaroaz geroztik espetxean diren hiru gazteen senide, lagun eta herritar hainbatekin. Patxadaz kontatu zidaten nola bizitu zuten haien eta beste hainbat herritarren atxiloketa eta etxean eta herrian zein neurritako hutsunea utzi duten. Tinko, baina gertatutakoa neurrigabea zela behin eta berriz errepikatuta. Ordutik beste bi hilabete pasa dira eta Adur, Jokin eta Oihanek Madrilgo ziegetan ematen dituzte egun eta gauak oraindik. Antza, epaileak ihes egiteko arriskua ikusten du, haietako batek bere burua hiru alditan epailearen aurrean aurkeztu bazuen ere. Seguru nago jada zuetako norbaiti hasi zaiola burua alderaketa ariketa egiten, bada pentsa, atxiloketa horiek gertutik, etxean eta lagun artean esaterako, bizi izan dituztenei.

Ez da albiste on askorik ez, baina horiek jasotzea ere garrantzitsua da, ez eztarrian katramilatuta geratzeko, haien kontra eztarriaren sakonetik oihu egiteko baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!