Eguraldi ona egiten duenean, Donostiako hondartzaren inguruan gustura ibiltzen naiz tarteka; izan ere, inguruak eta baita hara eta hona dabilen jende pilak ere oporretan bezala sentiarazten dute bat. Agian, planak ez dirudi oso gustagarria, baina ohiko lekuetatik ateratzeko aukera paregabea eskaintzen du eta hori, noizean behin behintzat, eskertzekoa da.
Bertan topatu ditut azken denboran turista ugari hara eta hona; pauso mantsoan denak, inora iristeko presarik gabe, «klik» eta «klik». Antza, buruan gorde ezin duten hori kameraz batuko ote duten edo, argazkiak atera eta atera ikusi ditut ia denak. Bakarka, bikoteka, lagun taldean... «klik » eta «klik». Bateren bat egitea ere tokatu zait. Argazkietan posatzeko egiten dituzten keinuak orotarikoak dira: serio baina irribarrea ezpain ertzetan marraztuta, serio gogoz kontra ariko balira bezala, kamerari mingaina aterata, pailazoarena egiten... Baina bestelakoak ere ikusi ditut aspaldian, kamerari ipurdia edo atzea emanda ateratzen diren argazki horiek. Bai, kamera eskuartean hartzen duenak bat, bi eta hiru zenbatzearekin batera parean jarritakoak buelta ematen du, eta orduantxe «klik». Orduan eta aurpegi misteriotsuagoa jarri, orduan eta hobe; izan ere, guztiak ahalegintzen dira ahalik eta urrutien dagoen punturen batera begira jartzen, ikusi ezin diren horietako batera. Leku ederrak ditu hiriburuak eta, agian, haiei eman nahi diete lehentasuna modu horretan; edo, agian, pertsona horiek argazkietan inoiz ere begiak zabalik ateratzen ez dakiten horietakoak dira eta modu honetan aurkitu dute taxuzko argazkiak egiteko bidea... Baina, hala bada, zertarako jarri kameraren aurrean?
Sare sozialetan zintzilikatzeko edota norbere profilean jartzeko argazki ponposo horietakoak atera nahian dabilela jende hau uste dut. Eguzki izpiak, begirada galduak eta itzal jokoak dira horietan jaun eta jabe, ez dutelako finean errealitatea harrapatzeko helbururik. Baina zer dira, azken batean, sare sozialak? Ez al gaituzte bizitzari une batez atzea eman eta buru eta gogoak inork ondo ulertzen ez dituen infinitu horretan jartzera behartzen?