Epelean babesteko ez ezik, barrura begira jartzeko garaia ere badela uste dut. Udako hilabeteak aproposagoak dira buru eta gogoak esperientzia berrietara zabaltzeko, kalean bizitzeko eta parean jarritako paisaia eta bizipenei modu bizian erreparatzeko. Barrura begiratzeko ariketa horrek baduela gure artean halako ospe txarra uste dut. Egoera zailetan, erabakigarrietan, ia behartuta egin beharrekoa balitz bezala... Ariketa sanoa eta noizean behin egin beharrekoa da, nire ustez; izan ere, barrura begiratzeak arnas hartzen laguntzen du, barrunbeetako sakontasunez eta larri gaudenean asperen sakon batek ematen duen adinako askatua ematen du maiz.
Tamainei tamaina hartzen ere laguntzen du. Handiak eta gogorrak ziruditen arazo horiek arnasa orduan eta sakonago eta barrenagotik hartu orduan eta txikiago egiten dira sarri, kasu batzuetan desagertzeraino edota behintzat eztarriko korapilorik gabe gogoratzeraino; eta txikiak, ia ustekabean pasako zirela ziruditenak handi eta garrantzitsu egin direla konturatzeko ere balio du. Ez da noski, neguan soilik egin beharko litzatekeen ariketa; parean jarritakoari erreparatzeko begiez gain, barrurako «begiak» ere beharko genituzkeelako agian.
Egitea gustatzen zaidan ariketa da, lagungarria eta parean jarritakoei erreparatzen denbora gehiegi ematen duten horiei gomendatuko niekeena, kalekoei eta baita egunkarietako portada asko betetzen dituzten pertsonaia askori. Honakoa dio esaera ezagun batek: «Besteren buruko bartza ageri, gurea zorriz igeri». Ez dakit zorriei begira edo ez, baina sarritan denbora eta indar gehiegi xahutzen da besteen arazoei begira. Herritarrei batera eta bestera eragingo dien erabakiak hartzeko garaian murgilduta gaude eta horiek hartu behar dituzten ordezkariek, inork baino gehiago agian, udazkeneko hotzak baliatu beharko lituzkete etxe barrura begira jartzeko, arnasa sakon hartzeko, hausnartzeko eta hasperen sakonak ematen duen patxadarekin zirt eta zart egiteko.