Zenbakitan neurtzen ez dena

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2016ko uzt. 24a, 10:00

Lau urtaroetatik ederrena da niretzat uda: egunaren beroa gustuko dut, baita hura eramangarriago egiten duen ilunabarreko freskura ere; senide eta lagunekin egoteko tarte zabalagoa dugu; eta, nola ez, neguko kateetatik askatzen laguntzen gaituzten oporraldi eta herrietako jaien sasoia da. Horiek guztiek usain berezia ematen die hilabete hauei.

Noski, konturatu naiz urteak aurrera egiten duten neurrian, jaiak bizi eta gozatzeko moduak aldatu egiten direla, agian gauekoa baino eguneko usaina dutela gehiago, agian jaien atarian sentitzen zen irrika hori apalagoa egiten da; baina, edonola ere, buru eta gogoak libreago sentitzeko eremu aproposak beharko lukete beti. Eta 'lukete' diot, uda honetan jada baieztapen hutsa adierazten duen aditz forma ez baliatzeko nahikoa adibide pilatu ditugulako tamalez.

Emakumeen aurkako indarkeriaren fokua Iruñeko erasoetan jarri dugu, egunez egun joan garelako kasu berriak ezagutzen, goizean bertan izan dugulako gaueko ilunean gertatutako erasoen berri. Agian, komunikabideak ere beste jai batzuei baino tarte zabalago eskaintzen diotelako; agian, aurrekarien zama handia delako; agian, herritarrek beste inon baino erantzun ozenagoa ematen ikasi dutelako... Sanferminetan gertatutakoak, ordea, ezin du inondik ere gure herriko jai eta kaleetan gertatzen dena estali. Fokua batetik bestera eraman eta ekarri behar da izan ere, ikuspegi osoa erakusteko zabaldu eta, beharrezkoa denean, zehaztasunetan arreta jarri, berriz ere begirada zabaltzeko.

Ez dakit benetan erasoen kopuruak gora egin duen ala ez, besteak beste, horiek neurtzeko modu fidagarririk ez dagoelako eta erasoa bera zer den zehaztasunez definitzeko zailtasunak ditugulako. Zenbakitan erreparatzea baino, herritarrek haiek identifikatzeko eta salatzeko duten gaitasuna handitu dela pentsatzea nahiago dut. Izan ere, ezin da dena zenbakitan bakarrik ulertu. Emakume batek erasoa jasan eta salatzen duenean -asko oraindik ez dira salatzen-, urte amaieran bildu eta jakinarazten diren estatistika zerrendetan bat gehitzen da. Baina zenbaki horrek ezin du jaso ez hura jasan duen emakumearen sentipena eta ezta hark eta haren inguruak bere askatasunean sentitzen duen muga. Oraindik ere ez gaude jai giro aske eta parekideak eskaintzeko moduan, eta horregatik gupidarik gabe eskatzen zaie neskei tentuz ibiltzeko, hain justu ere, gozatzeko eta libre sentitzeko diren eremu horietan, ardura ia bere bizkar jarrita eta jaiek guztientzako behar luketela jai ahaztuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!