Kalkulua egiten

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2016ko mai. 27a, 20:00

Hilabete barru eskuetako atzamarrak luzatu eta Madrilgo Kongresurako hauteskundeetako emaitzen inguruan lehen kalkuluak egiten ariko gara gehienok; herritarrek zein jarrera zigortu eta zein txalotu dituzten atzematen, galtzaileak eta irabazleak izendatzen...

Lehen ariketa, seguru asko, alderdi bakoitzak abenduan izan zituen hauteskunde emaitzekin alderaketa egitea izango da. Ez da denbora askorik pasa, baina katramila egundokoa izan da orduz geroztik, eta ziur hemerotekei errepaso egin beharko diegula itxurazko ondorioak atera nahi baditugu behintzat.

Egun hura iritsi bitartean, ordea, makina bat promes eta hitz mardul entzuteko gaude. Elkarri mokoka aritu ziren aurreko hauteskunde kanpainan hautagai gehienak, eta, uste dut, azken asteetan ikusitakoak ikusita, hastear dagoen hauteskunde lasterketan ez direla egiteko moduak asko aldatuko. Hasi dira boto asmoen inguruko lehen inkestak argitara ematen, baina nork bere erara irakurtzen ditu eta ez da erraza benetan asmo horiek zer emaitza ekarriko dituzten ondorioztatzea. Herritarrak haserre daudela, nazkatuta; hori bai, hori inkesta guztiek diote. Ez da estatistika edota metodologia konplexurik erabili behar hori ondorioztatzeko; hori kalean paseatzen duen edonork atzeman dezake.

Dirutza gastatuko da berriz ere hautsik hartzeko betarik izan ez duten hautetsontziak mahaiaren gainean jartzen. Tira, tamainako aldrebeskeria, kontuan izanda alferrik zenbat diru xahutzen den edo hainbatek zenbat lapurtzen duen ikusita. Berriz ere entzuteko gauden mezuek nekatzen naute gehiago, kolore urdin edota gorriko gorbaten liluran esaten diren hitz ponposoek. Hautagai gehienek itxuran maisu egingo dituzten aholkulari taldeak dituzte atzetik, eta haiek saiatzen dira esateko duten mezuaren hutsala argiz eta kolorez mozorrotzen. Aditu horiek sare sozialetan jarria dute arreta azken urteetan; inork ezer izan behar badu, mundu paraleloan izan behar duelako lehendabizi, eta ez alderantziz. Horregatik, akaso, hautagaien moduak, jarrerak eta hitzak zeharo eskastu dira, mezu laburretan kabitu behar dutelako, garrantzitsuena ezer esan gabe, esan izanaren itxura ematea delako.

Hilabete barru atzamarrak luzatuta ariko gara herritar asko etorkizun hurbila zenbakitan irakurri nahian; Madrilen ere saiatuko dira kalkuluak egiten, baina euren atzamarrak laburragoak dira batzuetan eta luzeegiak gehienetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!