«5. iz. Gerra bati edo egoera gatazkatsu bati amaiera emateko hitzartzen den ituna edo akordioa».
«4. iz. Besteren batekin gerran ez dagoen nazio baten egoera; nazioarteko borrokarik eza».
Lehenengo begiradan, gerra hitzarekin zuzenki loturiko bi definizio ikusten dira.
«Zenbat balio du bakeak?», galdetzen didazu Tesla auto bat gure aurretik igarotzen den artean. Ez gara ohartzen bere kostuaz, lur arraroak dituzten mugikorrak eskuartean ditugun bitartean: gizarte- eta ingurumen-gatazkak kargatzen mugikorra entxufatzen dugun bakoitzean. Bakearen benetako baloreaz jabetu da iparraldera bidean doan gazatarra, eta ikusi du ez dela geratzen herririk ezta etxerik ere zutik.
«3. iz. Liskarrean edo borrokan ez dauden pertsonen arteko egoera».
Esanahi horren harira, bi ordain bururatzen zaizkit: batzuetan, bakearen izenean zenbait hitz irenstea eta harrotasuna apaltzea. Besteetan, norberaren ongizatea aintzat hartuz, zenbait pertsonarengandik aldendu behar izatea.
«2. iz. Lasaitasunezko edo isiltasunezko egoera».
«1. iz. Inolako ezinegonak, ondoezak edo grinak asaldatzen ez duen baretasunezko egoera».
Nor bere buruaren aurrean pausatzeko gaitasuna izatea, bakean, isilik eta bakarrik. Inork gutxik gaindi dezakeen ariketa. Pentsamenduen bidezko sufrimendurik ez sortzea, budisten hitzetan Nirvana egoerara iristea.
«Bakea lortzeko bideak ez dira irekitzen diruarekin, horretarako erabaki eta jarrera egokiak behar dira soilik»
Bakea lortzeko bideak ez dira irekitzen diruarekin, horretarako erabaki eta jarrera egokiak behar dira soilik.