Kalean, auzoan zehar zoazela adibidez, sarritan senti dezakezu jende nagusia nola egoten den ibiltarien pasadizoari begira, ororen mugimendua aztertzen. Batzuk gortinatik arrakala bat ireki eta ezkutuan egoten dira, beste batzuk ordea, burua aterata ez dute besteek ikusiko dutenaren beldurrik. Orduan konturatzen zara eraikinek ere izan dezaketela begirik. Oro har, beste begi batzuekin ikusita, une horretan guk pantaila batean bilatzen dugun entretenimendua izan gaitezke adineko pertsona batentzat, hots, beste edonorentzat.
«Nolabaiteko zirrara sortzen du beiraz bestalde gertatzen denari so egiteak, kanpoko dinamika barrualdeko estatikaren ikuspuntutik ikustea bezalako sentsazioa uzten baitu»
Esan beharra daukat lehen maizago egin arren, orain berriz ere berreskuratzen ari naizen ohitura dela leihotik begira jartzearena, izan ere, askotan, inguratzen gaituen gela itxi horretan itsutu eta ez dugu hartzen astirik zabaldu eta gugandik at dauden mundu paraleloak ikusteko. Ongi etortzen da goizero egiten dugun moduan leihoa ireki eta barrenak haize berritzea. Agian hori izan daiteke burua ez galtzeko, eta bide batez, urteak joan ahala gure barneko haurra ez galtzeko sekretuetako bat. Probatu ezazue zuek ere une bat horretarako gordetzen, leihoak ireki bezain laster haizearen gordeleku bilakatu arte2, behintzat.
Hori gerta dadin, baino, ikasi dut gauean ohera sartzean ezinbestekoa dela sabaian sortzen den argi-zuloarekin topo egitea: Zer dago leihoaren atzean? Izar bat.1 Horretarako, nire gomendioa: itxi itzazu begiak eta kontatu zenbat ardi geratzen diren, zenbat…2
1 Roberto Bolañoren Los detectives salvajes eleberriatik.
2 Habi taldearen Lokanta kantutik.