Aipatutako funtsezko magnituderik gabe, dimentsio-analisiaren arabera, fenomeno fisiko errealik adierazi ezinean omen nago. Esanahi hori nirera ekarriz, berben balio erantsia hartzean hizpide, horretaz ohartu zaitezke; izan ere, izenek edota aditzek ez dute inongo informaziorik ematen irudikatzen dutenaren aurrean. Horrekin adierazi nahi dudana zera da, elefante bat ikusi arte, adibidez, ez duzula jakingo elefante hitza ikasita ere, animalia hori zeinen handia den, edota zein kolore dituen.
Bestalde, ez nuke esango gauza bera gertatzen denik musikarekin, zeren eta izenburu bat aski zaigu doinu bat, letra, eta batez ere, berak dakarren esangura gogora ekartzeko. Eta esanahiaren muinera iritsi nahi nuen, kasu honetan hitz batek dimentsiona dezake eta atzetik dakartzan sentipenak zeinen astunak eta luzeak izan daitezkeen 3-4 minutuko epealdi batean.
Era berean, hitzak neurtzeaz inoiz ahaztu bagara, gure eleek beste pertsonengan sor dezaketen mina neurrigabea izan daiteke, baina kantuei emandako zentzuaren antzera, oroimenean bere bolumena okupa dezake. Antzera errua, dolua eta damuaren kasuan. Baina dena ez da goibela izango, gainerako emozioak, poztasuna barne, mintzairaz ere harrotu baitaitezke.
«[Udan] denbora, luzera eta masa barneratu baditzaket, fenomeno fisiko bihur ditzakegu biziko ditugun bizipen eta uneak»
Amaitzeko, bestelako hitzei erreparatuz, uda esaterako, begi bistan laburra eta biribila dena, zeinen emankor, zabal eta arina egiten zaigun, denboraren nozioan motz egiten zaigun arren. Hitz honetan denbora, luzera eta masa barneratu baditzaket, fenomeno fisiko bihur ditzakegu biziko ditugun bizipen eta uneak. Hortaz, aurrerantzean indarrak bildu, energia eraldatu eta gozatu uda!