Bigarren aukera

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eraunzetamurgil 2024ko martxoaren 24a

Kamamila tripako minaren sendagai gisa erabiltzen zela erakutsi ziguten. Horregatik, agian, zaila egiten zaigu orain plazer hutsagatik edatea. Funtzio hori esleitu zaiola dirudi, azpimaila batean geratu dela, bestelako belar-urak lehenesten ditugun artean.

Modan daude rooibosa, askotariko teak, ezki-lorea: geroz eta izen konplikatuagoa, orduan eta erakargarriagoa. Mantzanilla infusiorik ezagunena izanik ere, gure haututik at geratzen da, eta orduan pentsatzen dut ea iraganeko minak eta ondoezak harrotuko dizkigulakoan gauden.

Belar-uren aitzakiaz baliatu naiz ur handitan sartzeko. Berariaz edo ez, gure hautua erabakigarria da gauzen garrantzia zehazteko garaian. Bigarren aukerak, hau da, aukeratu ez dugunak gure bizitzan inpaktu handiagoa izango ote du? Ala ezdeus bilakatzen da aurrerantzean? Derrigorrezko egoera da, halaber, A ala B hartu behar izatea.

 

«Berariaz edo ez, gure hautua erabakigarria da gauzen garrantzia zehazteko garaian. Bigarren aukerak, hau da, aukeratu ez dugunak gure bizitzan inpaktu handiagoa izango ote du?»



Errepertorioetan kasu, bitxia da gertatzen dena. Zenbait kantu datozkit burura non diskoa aurkeztu eta geroztik, ikusi ditudan zuzenekoetan apenas jo diren, ahanzturan nola geratu diren. Zaila, nekeza iruditzen zait musikariak hartu beharreko postura hori, zein irizpide erabili, set-lista nola hautetsi. Emanaldi zehatzetan beti pentsatzen dut nola izango den entzuleon artean norbait joko ez duten -kantu hori- noiz interpretatuko duten esperoan.

Arkatzarekin ere beti berdinetan: gogoeta hau grafitoarekin idaztea erabaki eta agian bolaluma erabili beharko nukeela konturatu naiz. Ez konbikzioagatik, baizik eta inertzia hutsagatik. Hala eta guztiz ere, tintak ez du arkatzaren askatasunik, zeren eta ortografia akatsak, esaldien birformulazioak, edota lerro okerrak ezabaezinak dira. Boligrafoa ustez txukunagoa dela eta, azkenean, akatsak estalita edota zirrimarratuta, inoiz baino zikinagoa geratzen da orria. Ez daukazu hutsegiteentzako horrenbesterainoko marjinarik. Bestalde, arkatza hartuaz geroztik, hanka sartzen uzten diozu zeure buruari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!