Badirudi norbanakoaren existentzia, bere existentzia egiaztatzean oinarritzen dela askotan; izaten baino, izana jasota uzteko saiakeran eraldatzen dugula energia gehiena. Oraina idatzirik gera dadin bihar ikusteko, aurrez grabatutako programen antzera. Non? Gainerakoen memorian? Gordailu efimeroegia.
Ezinezko gauzak bilatzeari ekiten diozu orduan: abestiren batean miatu, olerkiren batean, ea identifika dezakezun bertan zurekin bat datorren zerbait. Zeren eta bitxia da nola etengabe gabiltzan inguruko edozein gauzarekin lotura pertsonalak ezarri nahian. Munduak guregandik zeozer edukiko bailukeen. Begirada bat bota aurrerantz eta munduaren zati garela onartu baino, mundua gure jabetza pribatuaren parte dela sinesten jarraitzen dugun honetan.
«Hainbat eta hainbat galdera jaurti infiniturantz, hor baleude bezala arrapostuak. Non? Azkengabean»
Hainbat eta hainbat galdera jaurti infiniturantz, hor baleude bezala arrapostuak. Non? Azkengabean. Edgar Allan Poek Eureka deituriko saiakeran definitu bezala, infinitua «pentsamendu baten pentsamendua» da, eta giza garunak ideia horren mamua laztantzen omen du. Horren harira, ondorengo esaldia datorkit burura: «Ez baitira ideiak, beren soilean, burmuinaren gorotza baizik», zeina Txillardegik, Haizeaz bestaldetik liburuan idatzi baitzuen. Eta hor erortzen naiz berriro sinetsirik besteen hitzak erabil ditzakedala adierazi nahi dudala azaltzeko, edo hobeto esanda, besteen hitzek nireek baino hobeto azaldu ditzaketela nire -ideiak-, beraiek dutela ihardespena. Zaila da zuhurtziaz jokatu eta kontraesanez ez blaitzea. Zenbat aldiz entzun dugu jada galderak aldatu behar direla, baina kontxo, ez ote dut nik horien erantzuna?