Zama arina

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eraunzetamurgil 2023ko urriaren 30a

Hezur eta haragizkoak ez diren bidelagunen inguruan esan nahi nituzke bi hitz. Gauza etereoetan sakondu ninteke, baina errepideko gurpilen biraketa tarteko, gutariko bakoitzaren motxila islatzen da soilik autobuseko beiran: bidean zehar soinean daramaguna, hain zuzen ere.

Era literarioan batzuetan, literalki besteetan, sorbaldetatik zintzilik eta gorputza besarkatuz babesten gaitu euri-langarretik; aldi berean, astuna sentitzen da gure pausoak mantsotu eta oztopatzean.

 

«Era literarioan batzuetan, literalki besteetan, sorbaldetatik zintzilik eta gorputza besarkatuz babesten gaitu euri-langarretatik; aldi berean, astuna sentitzen da gure pausoak mantsotu eta oztopatzean»

 

Umetan, ilusioz, jolasez eta inozentziaz beterik eraman ohi da bizkar-zorroa eskolara. Hamaiketako goxoarekin irten etxetik, eta argizariekin koloreztatutako orri zuriekin eta makarroizko lepokoekin itzuli. Atzerako kontaketaz ohartzerako, eskulanak orri laukidunengatik trukatu eta ustez, jakintza eta argiaz betetzen doaz alprojak. Biak uztartu beharrean, orain irudimen falta sumatzen da akaso.

Alabaina, ezinbestean sartuko ditugu bertara lagunarteko uneak, itsasoko gurma betea, urak azalean uzten duen hozkirria, amaren eskuak, eta banan-banan bildutako barreen oskolak. Txoko kuttun bat gorde, ahaztu gabe, gure hizkuntza zaharrari. Udan, bainujantzia eta toallaz gain, kantinplorak eta ihes beteak okupatu ohi dute beste konpartimentu bat. Goizaldeko ganduak ez bada, larrazkeneko orbelaren kraskatakoak zurkaiztuko du giroa: eskailera, asfalto eta eguneroko gatazka ororen gainetik igaro eta paroxismoetan, bizitzaren Annapurnak gainditzeko gogo betez abiatu zaitezen.

Hori aski ez dela, enegarren plazera izan daiteke ere, eginbeharrak bizkarrean, okindegitik bueltan ogiaren koxkorra jan, eta merezimenduz, etxera iritsi, eta behingoz, motxila gainetik kentzea.

Kremailerak ixteko ematen duen arte beteko da, gainezka egingo du agian. Berregiteko intentzioarekin irekiko duzu berriz, eta inertziaz, ohartuko zara hustasunak okupatzen duela bere bolumena.

Liluraren galbahe gabe, formulatzen hasia naiz ea zama metatze hori halabeharrezkoa den, edo zenbaitetan gozamen hutsagatik ere egiten den.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!